«Inportantea da bizipen ezberdinak mahai baten inguruan jartzea»

Argitxu Etxandi, Txomin Poveda eta Egoitz Urrutikoetxea./UEU
Argitxu Etxandi, Txomin Poveda eta Egoitz Urrutikoetxea. / UEU

«Idealizatu gabe», Iparraldean azken urteetan izan diren aldaketak eta «agertoki berria» ari dira aztertzen UEUren Baionako Udako Ikastaroetan

UEUren Baionako Udako Ikastaroak lankidetzaren ispilu izaten ari dira. Batetik, bigarrenez antolatu du Euskararen Erakunde Publikoak Euskara gaitasuna lantzeko tailerra. Bestetik, Iratzar fundazioarekin elkarlanean 'Ipar Euskal Herria paradigma berriaren inspirazio iturri? Lurraldea: sujeto politiko berria' ikastaroa ari da egiten. Argitxu Etxandi, Txomin Poveda eta Egoitz Urrutikoetxea dira ikastaroaren arduradunak, eta haiekin izandako solasa zabaldu du UEUk.

- Jose Ramon Etxebarriak behin baino gehiagotan aipatu du gauzarik interesgarrienak Ipar Euskal Herrian gertatu izan direla. Azken urteotako mugimendu ezberdinei erreferentzia eginez edota euskararen kasuan UEUren sorrera edo Baiona Euskal Idazkuntza aipatuz, besteak beste. Zer diozue?

- Egoitz Urrutikoetxea: Nik uste dut ez dela idealizatu behar. Hori lehen gauza inportantea, izan ere anitzetan badugu horretarako joera. Gero, uste dut egia dela azken urteetan izan den ibilbideak agertoki berri bat sortu duela. Agertoki berri hori bai izan daitekeela, eta hori da ikastaroaren izenburua, paradigma berri baten abiatzea. Baina paradigma berri horretan ez dut uste deus berria asmatu denik Ipar Euskal Herrian. Agian asmatu da unean uneko aldagaiak profitatzen, baina batez ere asmatu da herri mugimenduaren eta instituziogintzaren artikulazioan. Nik uste dut hori dela agian ondorio, elementu interesgarria preseski, idealizatu gabe, azpimarratzekoa.

-Ikastaroan azken urteotan gertatzen ari diren aldaketen ibilbidea aztertzen ari zarete, gaur egunera nondik iritsi garen aztertuta hasteko.

- E.U: Ez dut uste gureari lotua denik, Euskal Herriari lotua denik, baina, jendartean bada banaketarako, zatiketarako jarrera bat. Lehen aipatu da Ipar Euskal Herrian ikusi dela aldaketak gertatu direla. Nahi duguna da, eta horretan ari gara, mahai baten inguruan biltzea esperientzia eta ibilbide ezberdinak, partikularretik ondorio orokorrak ateratzeko.

- Izan ere garrantzitsuak dira bizipenak, bakoitzaren esperientzia...

- Txomin Poveda: Bizipenetatik ere badira analisia ardatz batzuk. Preseski bizipenak ematearen garrantzia da ulertzea zein testuingurutan garatu diren praktika horiek. Ulertuta testuingurua aldatu dela, noski, eta, hori berriz pentsatzeko, ulertzeko zein mekanismo izan diren testuinguru horretan. Eta ulertuta zein testuingurutan gauden gaur egun, ikusteko berriz aplikagarria den ala ez.

E.U: Ikastaroaren aurkezpen-testu horretan aipatzen genuen bezala, helburu nagusia da azken urteotan agian intuitiboki egin den hori sistematizatzea. Eta, beraz, hortik ateratzea baliogarri zaizkigun ondorioak eta, agian, zuzendu beharrekoak. Horretarako da inportantea bizipen ezberdinak izan dituztenak mahai baten inguruan jartzea eta egunerokotasunaren gurpil zorotik ateratzea. Beste gune batzuetan aipatzen den nasaitasun estrategiko hori berreskuratzea. Bestenaz egunerokotasunak itotzen gaitu eta hor ez dugu aurrera egiten.

- Eta lurraldetasuna, lurralde egitura... Hortaz ere arituko zarete.

- T.P : Bai. Ideia da begiratzea lurraldetik ateratzen ahal diren ondorioak. Ikusteko zein ekarpen egiten ahal zaien beste lurralde batzuei. Jakina beste lurraldeetan beste testuinguru batzuk direla, indar politikoen posizionamenduak ezberdinak direla. Kulturak ezberdinak direla. Kultura militanteak ezberdinak direla. Indar sozialak ere. Egituraketa instituzionala ezberdina da. Hori da nagusitu den zerbait. Ipar Euskal Herrian egitura instituzionalik gabe bortxaz eraman gaitu zerbaiten asmatzera. Hor ere ikusi beharko da egitura instituzional bat lortu eta gero zein erronka berri izaten ahal diren eta zein efektu ukaiten ahal duten horiek preseski horretara eraman gaituzten indarrekiko. Hori izanen da biharko lana.

E.U: Bai, lantegien bidez landuko duguna. Saiatuko gara lantegi desberdinetan agian geroari buruz gehiago proiektatzen. Eta gaurko testuinguruaren iturburuan diren aldagai ezberdin horiek hobeki aztertzen.

- Batez ere gaur zein eratako kezkak agertu dira eta zer den batez ere nabarmendu dena?

Argitxu Etxandi: Izan dira lekukotasun oso ezberdinak, azkenean. Batetik Batera-ren ibilbidea aztertu da. Eta Laborantza Ganbararena ere bai. Eta ikusten ziren alde batzuetan gurutzatzen zirela haien kezkak. Sortu dute tresna bat, oinarrizko tresna bat, gainera ez dute instituzio deitzen ez kasu batean ez bestean. Eta orain nola egin berriro asmatzeko indar harreman joko hori. Hori da kezka partekatua.

- Ikastarotik zerekin atera nahiko zenukete edo zein da ikastaroaren azken helburua?

T.P: Garaipenaren errezeta [barreak].

E.U: Garaipenaren errezeta ez dakit, baina errango nuke Ipar Euskal Herrian diharduten eragile ezberdinei egin dutenaz jabetzeko gogoeta bat egitea. Hori lehen gauza. Eta aitzina begira, lehen memento batean Jean Claudek [Iriart] erran duen bezala, 30 urte behar izan dira egoera honetara heltzeko eta berak egiten zuen galdera zen nola ateratzen ditugun ondorioak ziklo honetara heltzeko egin dugun ibilbideaz, hurrengo zikloa askoz ere laburragoa izan dadin. Hori da, denbora irabazi dezagun. Eta nik uste dut hori dela, ondorioak ateratzea horretarako baliagarri izan daitezkeenak. Egunerokoan lanean diharduten egiturentzat eta agian egunerokotasunak horretarako gogoeta tarterik eskaintzen ez dien eragile horientzat. Ekarpen bat egitea Ipar Euskal Herriari eta agian Ipar Euskal Herritik Euskal Herri guztiari. Hemen eman diren urratsek badute zentzua eta balukete bertutea zazpi herrialdeetan elkarrekin eman beharreko urratsetan. Uste dut goiz honetan parte hartu duten lekukoek beren bizipenak adierazteak aurrera begirako proposamenak egitera eraman dituela.

A.E: Hori zen helburua.

E:U: Eta maila horretan goizekoarekin bakarrik ari gara betetzen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos