Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Estibalitz Alkorta, Ander Bolibar, Miren Dobaran, Luistxo Fernandez eta Iñaki Zabaleta, atariaren aurkezpenean. unanue

Ikusgela, ikasleek behar dituzten bideoak euskaraz eta doan

Euskal Wikilarien Elkarteak koordinatu eta Eusko Jaurlaritzak babesten duen proiektuak astero bideo bat sareratuko du, arlo bakoitzeko adituekin lankidetzan

n. azurmendi

Martes, 27 de septiembre 2022

«Behar dituzten edukiak euskaraz aurkitzen ez badituzte, beste hizkuntza batzuetara jotzen dute», esan izan du behin baino gehiagotan zertaz ari den ondo dakien -irakasle da lanbidez- Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek. Ideia hori berretsi zuen astearte goizean Donostian, joera hori ekiditen joateko asmoarekin sortu den 'Ikusgela' egitasmoaren aurkezpenean.

UPV/EHUren Donostiako campuseko Karlos Santamaria liburutegian egin zen agerraldian, Miren Dobaranekin batera, Estibaliz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendaria; Luistxo Fernandez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko lehendakaria; Ikusgela eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Ander Bolibar eta EHUren Joxe Azurmendi Katedrako Iñaki Zabaleta izan dira.

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak koordinatu eta Eusko Jaurlaritzak babesten duen egitasmoak duela hilabete batzuk aurkeztu zituen lehen proposamenak, baina ikasturte berriaren hasierarekin batera hartu du martxa. Izan ere, «elkarlana eta kalitatea» oinarri hartuta, astero ikus-entzunezko bat sareratuko dute ikasleei modu atseginean euren ikasketetarako lagungarriak izan daitezkeen material osagarriak eskaintzearren, «erakargarria egingo zaien tonu freskoarekin, baita narratiba berrietara egokitutako lengoaia eta baliabideak erabiliz ere».

Ikasle garaiak atzean utzita dauzkaten herritarrek ere aseko dute jakin-nahia bideo horiekin. Ikus-entzunezkoak Hiru Damatxok egiten ditu, arlo bakoitzeko adituen laguntzarekin. Bideo guztiak, gainera, eduki libreekin osatu dira, «eta sortutako materiala ere librea izango da, sarean aritzeko modu baten erakusgarri».

Edukia eta formatua

Edukia da, hain zuzen, garrantzitsuena, baina formatua ere asko zaindu da, hartzaileen ohitura eta joerak aintzat hartuz. Edukiei dagokienez, oraingoz hiru sail ari dira lantzen: filosofia, Joxe Azurmendi katedraren eta Agora elkartearen laguntzarekin; ekonomia, LHrako euskarazko materialgintza sortzen duen Jakinbai elkartearekin eta zenbait irakaslerekin lankidetzan, eta euskal literatura. Aurrerantzean beste sail batzuk gehituko zaizkio egitasmoari; esaterako, «zientziaren historia edota ingurumenaren gainekoak».

Filosofiari emandako sailean dagoeneko hiru ikus-entzunezko aurkeztu dira (Simone de Beauvoir, Hannah Arendt eta Platon). Datozen asteetan beste hiru bideo zabalduko dira. Bideoen ahotsa Klara Badiolak jarri du.

Ekonomiaren inguruko bideo-sailean, berriz, «ekonomiako kontzeptuak argi eta sinple azaltzen dira». BEZ ari buruzko bideo batekin estreinatu berri den sail honen formatua youtuber estilokoa da, eta Alazne Astorga aktoreak aurkezten ditu. Zehaztu dutenez, «ekonomia lantzeko interesa duen ororentzat badira ere, saiakera berezia egin da Lanbide Heziketan euskarazko materialgintzan dagoen hutsuneari erantzuteko».

Animazioaren bidetik jo du euskal literaturari eskainitako bideo-sailak. Elbira Zipitriaren pertsonaia animatua baliatuta, alegia, «euskal literaturaren historiako egile eta mugarri nagusiak azalduko ditu». Bideoek «animazioa eta collage teknikak uztartzen dituzte, ikus-entzunezko pedagogiko bezain entretenigarriak dira: egungo erreferentziekin osatuta, eta neurrian bada ere, umoreari tokia eginez». Bernat Etxepare, Axular, Gabriel Aresti eta Mariasun Landa azalduko dira, adibidez, zortzi bideoko sail honetan. Gidoilari Ane Garcia eta Lander Arretxea aritu dira, ahotsa Nerea Arriolak jarri du, animazioak Unai Gaztelumendirenak dira, lan pedagogikoa Alaitz Urkizuk landu du eta bideoek Hiru Damatxoren zigilua dute.

Zubi-lana

Proiektuaren 'egoitza' webgunea da, baina nerabe eta gazteak mugitzen diren eremuetara hedatu dira edukiak: Youtubera, kanal propio batekin, eta eskola kontuetarako asko baliatzen duten Wikipediara. Azken horretan, bideoan lantzen den kontzeptuari dagokion sarreran txertatuko da ikus-entzunezkoa. Sare sozialetan ere presentzia zabala dute.

Aurkezpenean azaldu zutenez, «Ikusgelak zubi-lana egin nahi du eremu akademikoaren eta ikus-entzunezkoek ordezkatzen duten kultur kontsumoaren artean». Bestela esanda, «ikasle eta irakasleei baliabideak eskaintzeaz gain, hizkuntzaren ikuspegitik nahi du eragin, nerabeak euskarazko edukien kontsumora erakarriz». Horrekin batera, «euskara eremu formalean soilik erabiltzen dutenak eraman nahi ditu eremu informalean ere euskarazko edukiak ikustera».

Euskararen Aholku Batzordeak berak lehentasunezkoa jo duen alor horretan aurrera egin nahirik, alegia, aspalditik ari dira elkarrekin hainbat eragile. Gogoratu zutenez, «proiektuak hasiera puntua 2019an du, UEU-EWKE Humanitate Digitalen lehenengo ikerketa-beka irabazi zuen 'Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako' proiektuarekin. Ikerketa egin ondoren Tabakaleran kokatuta dagoen 2deon prototipo bat egiteko aukera lortu zuen proiektuak. Horren ostean Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babesa eman dio ekimenari eta honela jaio da Ikusgela».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ikusgela, ikasleek behar dituzten bideoak euskaraz eta doan