Ikerbasquek 25 ikertzaile berri bildu ditu 2018an

Gaur egun, deialdi guztiak kontuan hartuta, Ikerbasquek 230 pertsona ditu kontratatuta./IREKIA
Gaur egun, deialdi guztiak kontuan hartuta, Ikerbasquek 230 pertsona ditu kontratatuta. / IREKIA

Research Professor eta Research Fellows programen bitartez heldu diren zientzialariei aintzatespeneko diplomak banatu zaizkie, Urkullu lehendakaria buru izan den ekitaldian

Euskadiko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean jardungo duten Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioko jakintza arlo guztietako zientzialariei aintzatespenak banatzeko ekitaldia egin da, Bilbon. Aitorpena jaso duten 25 ikertzaile Ikerbasque Research Professor eta Researh Fellows programen bitartez heldu dira aurten, eta beste zazpik kategoriaz aldatu eta ikerketa ibilbidea Euskadin finkatzeko aukera izango dute Research Associate deialdiaren bitartez.

Ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da. Halaber, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Fernando CossíoIkerbasque fundazioko zuzendari zientifikoak parte hartu dute, Euskadiko unibertsitate, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen arduradunekin batera.

Bere hitzaldian, gazteen artean ikertzeko bokazioa piztearen garrantzia azpimarratu du Urkulluk. Euskadiren apustua argia dela esan du eta, zentzu honetan, ikerketa, aurrerabidea, pertsonak eta talentua aipatu ditu «etorkizunerako gako» gisa. Gainera, azaldu duenez, Euskadik Ikerbasquen inbertitzen duen euro bakoitzeko bi euro jasotzen ditu bueltan, atzera ikerketa arloan inbertitzeko. «Ikerbasqueko ikerlariek, urtero, 24 miloi euro baino gehiago lortzen dituzte funts lehiakorretan, eta diru hori ere ikerketarako da», zehaztu du.

Nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo gaitasuna duten ikertzaile finkatuei zuzendutako Research Professors deialdiaren bitartez, 2018an zortzi «fitxaketa» berri egin dira. Ikertzaile etorri berrietako batzuek arduradun zientifiko gisa lan egiten dute edota ERC Grants deritzon ikerketa zientifikorako Europako laguntzak lortu dituzte.

Bestalde, Research Fellow programa, hainbat jakintza arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen «harrobi bat» sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da.

2012an abiarazi zen eta helburu bikoitza dauka: alde batetik, atzerrian lanean diharduten zientzialariak erakartzea, karrerako une batean ala bestean kanpora joandako bertako ikertzaileak barne, eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Horrela, Research Fellow programari esker, 2018an 17 ikertzaile sartu dira.

Halaber, deialdi horien osagarri gisa, Research Associate programa abiatu da aurki. Aurreko bi kategorien arteko zubi lana egitea eta ikertzaile gazteei zein zientzialari finkatuei egungo eskaintzak osatzea da bere xedea, ikertzaile karrerako etapa desberdinak gainditzen laguntzeko asmoz. Deialdi honen bidez zazpi ikertzaile hasi dira lanean aurten.

Gaur egun, Ikerbasquek 230 pertsona ditu kontratatuta Research Professor, Research Associate eta Research Fellow deialdien artean, eta guztiek lan egiten dute Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta.

Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak hainbat jakintza arlotako adituen ekarpenez profitatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza tekniko edota gizarte zientziak barne.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos