Ikerbasquek deialdi berria egin du 20 zientzialari gazte kontratatzeko

Research Fellow programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi bat» sustatu nahi du

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Fellow programaren 2019ko deialdia egin du astearte honetan, 20 ikertzaile gazte kontratatzeko helburuarekin. Research Fellow programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi bat» sustatu nahi du. Aurreko deialdietan 63 lagun kontratatu dira, Ikerbasquetik jakinarazi dutenez.

Research Fellow programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta, bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea. Deialdiaren bidez, bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta Euskaditik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da.

Ezagutza arlo guztietan hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete eskaerak Ikerbasque Fundazioaren webgunearen bidez (www.ikerbasque.net), martxoaren 15era arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen arabera.

Zientziaren Legeak xedatutakoari jarraiki, Ikerbasquek bost urterako ikerketa kontratuak eskainiko ditu. Azken urtean ebaluatuak izango dira eta ikertzaileek kontratu iraunkorrak lortzeko aukera izango dute. «Horrela, programa Euskadiko etorkizuneko ikerketa aitzindarien harrobi bihurtzen da», nabarmendu dute.

Ikerbasquek zazpi milioi euro lortu zituen 2013an Europako Batzordetik Research Fellow programarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero, Europa osotik aurkeztutako 64 proposamenen artean. Eusko Jaurlaritzak ere programa finantzatzen du, «Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle». Horri esker, Ikerbasque «nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatu da».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos