Ikasgeletan Wikipedia lantzeko gida sortu du Ikastolen Elkarteak

ander Iturburuk eman ditu gidaren xehetasunak/Jose Usoz
ander Iturburuk eman ditu gidaren xehetasunak / Jose Usoz

'Wikimedia + Hezkuntza' nazioarteko konferentziaren baitan aurkeztu dute dokumentua Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak eta Ander Iturburu gidaren egileak berak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Ikasgelan Wikipediaren ingurukoak lantzeko irakasleentzako lagungarri izango den gida praktikoa egin du Ikastolen Elkarteak, Euskal Wikilariak Kultura Elkartearekin elkarlanean, eta asteburu honetan Donostian egiten ari diren 'Wikimedia + Hezkuntza' nazioarteko konferentziaren baitan aurkeztu dute Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak eta Ander Iturburu gidaren egileak.

Aurkezpenean Sukiak azaldu duenez, Wikipedian sarrerak sortzeak «aukera ematen digu gure ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko, eta bertan sarrerak ekoitziz, bai Wikipedian zein Txikipedian, gure ikasleek alor desberdinak uztartuta proiektu batean murgiltzeko aukera dute. Ez hori bakarrik, irakasleen arteko elkarlana ere sustatzen du«.

Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak gaineratu duenez, beste hizkuntzetan dauden edukiak euskarara ekarriz, edota Euskal Herriko gaiak euskaraz landuz, «gure hizkuntzari ere ekarpena egiten diogu, eta Euskal Wikilariekin elkarlanean arituz, gure gizarteko beste eragileekin proiektuak aurrera ateratzeko aukera ere ematen digu».

Azken batean, proiektu honen bitartez, «gure ikasleekiko, euskararekiko eta gizartearekiko ditugun konpromisoak berresten ditugu», laburbildu du Sukiak. Wikipediarekin ikastolek hartutako lehenbiziko konpromisoa izan da gida praktiko hau egitea, baina hurrengo hilabeteetarako beste konpromiso batzuk ere badituztela azaldu du.

Hartu duten bigarren konpromisoa da, heldu den ikasturtean Batxilerrerako unitate bat prestatzea, adin horretako ikasleak Wikipedia eta Txikipedia elikatzen joan daitezen; ekainean, berriz, pilotaje bat martxan jarriko dute Lazkaoko San Benito ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, Wikipediaren ezagutzan sakontzeko eta nahi duten ikasleek Txikipedian sarrerak egiteko; halaber, guztiori aurrera eramateko, ikastoletako irakasleak ere prestatuko dituzte berariazko formazio saioen bitartez.

Gidarekin lan egiteko moduak

Gidarekin, ikasgeletan Wikipediaren edizioa landu nahi duten irakasleei lanean hasteko laguntza eman nahi diete. Ander Iturburuk eman ditu gidaren xehetasunak.

Wikipedian editore moduan aritzeak esparru asko eta askotarikoak lantzen ditu: pentsamendu kritikoa eta ikertzeko trebetasunak, idazteko trebetasunak eta lankidetzarako konpetentziak, adibidez. Uste dute edizio-lan horietan hasteko, batxilergoko ikasleak direla egokienak. Beste hizkuntza batean idatzitako testuak ulertzeko gaitasuna dute eta gai dira, halaber, testu horiek euskarara itzultzen saiatzeko edo hutsetik testu bat euskaraz sortzeko.

Txikipedia 8-13 urte bitarteko umeentzat sortutako euskal entziklopedia da. Sortu berria denez, asko dago egiteke, osatu eta moldatzeko. Txikipediaren garapenean, batxilergoko ikasleak ez ezik, DBHkoak ere inplikatu nahi dituzte. Hori dela eta, ikastetxe barruan ere, proiektuak hainbat arlotako irakasleen inplikazioa beharko luke.

Aukeratzen den artikuluaren gaiaren arabera, dagokion arloko irakasleak idazten denaren kalitatea aztertu beharko luke, eta, era berean,iturrien fidagarritasunaren jarraipena eta lanketa egin. Euskara arloko irakasleak idazten denaren hizkuntza-kalitatearen eta estiloaren jarraipena egin beharko luke. Eta ingelesez, gaztelaniaz edo frantsesez idatzitako artikuluen itzulpen-lanak egiten direnean, hizkuntza horien irakasleek egin beharko luke lan hori.

Bestalde, ordu gutxiko esperientzia xume batera mugatu daiteke Wikipediaren inguruko ikasgelako lana, eta jarraipena norberaren zaletasunaren esku utzi; edota arlo arteko proiektu esanguratsu moduan landu daiteke. Proiektua garatzean ikasleek landuko dituzten gaitasunez gain, zaletasuna piztea eta etorkizuneko Wikipediako editore aktiboen kopurua handitzea ere bada egitasmo honen helburua.

Temas

Euskera