Ibilaldia «euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat» izango da igandean

'Haratzago' da aurtengo jaiaren leloa/
'Haratzago' da aurtengo jaiaren leloa

Zirkuituak 2,5 kilometro eta lau gune izango ditu: HA (Azkue ikastola), RA (Plaza-parkea eta portua), TZA (Eiguren «sekaderua») eta GO (Santa Katalina itsasargia). Musika, jokoak ikuskizunak, lantegiak, kirola, dantza, ipuinak eta abar izango dira

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Senperen Iparraldeko ikastolen aldeko jaia egin eta gero, Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldia festaren 40. ediziora begira hasi dute askok astea. Igandean, maiatzaren 19an, egingo da jaia, 'Haratzago' lelopean, Lekeitioko Azkue ikastolak antolatuta.

«Euskal kulturaren aniztasunaren lagin bat» izango dela adierazi dute jaiaren arduradunek astelehen honetan Bilbon egindako aurkezpen agerraldian. Bertan izan dira Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakaria, Ainara Ikaran Azkue ikastolako lehendakaria eta Jose de la Torre 'Purru' Ibilaldiako dinamizatzailea.

«Euskal kultuaren aniztasunaren lagin bat ekarri dugu Ibilaldira, gure gizarte gero eta askotarigo honetan, guztiok disfruta dezagun gure hizkuntzaz eta kulturaz. Ideia hori azpimarratu nahiko genuke Ibilaldi honetan bezala, ikastolen aurtengo jai guztietan ere. Hori da Ikastolen Elkartetik abian jarriko dugun berritasun nagusia», azaldu du Tellituk.

Izan ere, bere hitzetan, Hezkuntza Lege berriaz gain, azken urteetan hezkuntza mailan «bi erronka nagusiri» egin behar zaie aurre: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleen ezagutza eta gaitasun mailak behera egin dutela, «zeharo kezkagarritzat» jo duena, eta, bestetik, gero eta haur gehiago iristen direla ikastetxeetara matrikulazio garaitik kanpo, atzerritar jatorrikoak gehienak, eta ikasleok ikastetxeetara bideratzeko orduan «desoreka handia» ematen ari dela sareen artean eta sare barruko ikastetxeen artean.

Ildo horretan, adierazi du bi faktoreak «arriskutsuak» direla euskalduntze prozesuak aurrera egin dezan, eta, neurririk hartu ezean, «urteetan atzera» egin daitekeela. Gainera, bigarren faktoreari dagokionez, «segregazio arriskua» dagoela ohartarazi du, bai eta «hizkuntza segregazio arriskua» ere. Hala ere, Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du ez dituztela bi faktore horiek «mehatxutzat» hartzen, «erronka» bezala baizik, eta, «erronka gisa, erantzun egokienak ematen urratsak» egiten ari direla.

Egitaraua eta guneak

Ibilaldiko zirkuituak 2,5 kilometro izango ditu eta lau gunetan banatuko da: HA (Azkue ikastola), RA (Plaza-parkea eta portua), TZA (Eiguren «sekaderua») eta GO (Santa Katalina itsasargia). Ia ibilbide osoa itsasoaren ertzetik doa. Musika, jokoak ikuskizunak, lantegiak, kirola, dantza, ipuinak eta abar izango dira egun osoan zehar.

Halaber, IkasJai gailu mugikorretarako aplikazioa sortu dute: IkasJai telefono joko bat da, eta jaia antolatzen den herriko kulturari lotutako misio batzuk gainditu beharko ditu jokalariak. Horretarako, bere «abatar» bidez, interes guneetan barrena mugitu eta hainbat gaitasun adieraziko ditu jokoaren atal ezberdinetan.

Azkenik, Ibilaldia 2019ko dinamizatzaileek adierazi du igandeko jaia jasangarria izango dela, zirkuitua zen guneak garbi mantentzea «denon erronka» dela gogoratuz, eta jai parekidea ere izango dela, ibilbidean zehar eragile eta gune moreak izango dela nabarmenduz. Lekeitiora garraio publikoan hurbiltzeko gomendioa egin dute.

Erronka berriak

Egitaraua xehatzeaz gain, ikastolei sortu zaizkien erronken berri eman du Tellituk. Lehen erronkari dagokionez, azaldu du joan den ikasturtetik ari direla ikastolen hezkuntza proiektua «berritzen eta indartzen», egungo ikasturtean zenbait ikastoletan inplementatu dutela jada, eta datozen ikasturteetan ikastola gehiagotan sartuko dela.

«Bigarrenari dagokionez, buru belarri ari gara harrera planak gaurkotzen, jatorri horretako eta baliabide urriko familietako ikasleentzako beka sistemak gaurkotzen, eta 'bitarteko ikasgelak' moduko formulak aztertzen. Argi dugu segregazio arriskuari aurre egiteko inklusio formulak euskara eta euskal kulturaren bitartez egin behar direla», adierazi du.

Horrela, ziurtatu du mezu hori presente egongo dela igandeko Ibilaldian eta ikastolen jai guztietan, «jakinik bi erronka horiek ez direla ikastolenak eta hezkuntza sistemarenak bakarrik, herri apustu baizik». «Ikastolok dagokigun erantzukizunarekin jokatuko dugu», gaineratu du.

Temas

Euskera