Hizkuntzen bizitasun digitala aztergai Soziolinguistika Jardunaldian

Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia, eta Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria./
Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzia, eta Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendaria.

Hamargarren edizioa Bilbon egingo da azaroaren 6an; izen-ematea azaroaren 2ra arte dago zabalik

Bilbon egingo da azaroaren 6an Euskal Soziolingustika Jardunaldiaren hamargarren edizioa. Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen urteroko zitan, ohi denez, topaketarako aukera izango dute soziolinguistikaren inguruan diharduten ikerlari, teknikari eta ekintzaileek. Edizio honetan Bilboko Udala eta Euskal Herriko Unibertsitatea ditu laguntzaile Soziolinguistika Klusterrak. Hain zuzen ere, Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak eta Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak aurkeztu dute jardunaldia Bilbon ostegun honetan. Aurkezpena egitearekin batera, izena emateko epea zabaldu da, eta horrela egongo da 2ra arte arte. Parte hartu nahi dutenek hemen eman dezaketa izena. 50 euroko prezioa du matrikula arruntak eta 40 euroko prezio murriztua ikasleentzat, langabetuentzat eta Klusterraren bazkideentzat.

Aurkezpenean azaldu dutenez, jardunaldiak aukera emango du «euskararen biziberritzearen inguruan aurrera eramaten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak modu ezberdinetan ezagutu eta lantzeko». Zenbait gairi buruzko eta era guztietako formatuetako saioek osatuko dute Jardunaldia, hamargarren edizio honetan gai bat gailenduko delarik: hizkuntzen bilakaera ingurumen digitalean.

Aditu hungariarra

Gogoratu dutenez, «hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei dagokionez, berariazko ikuspegia behar du ingurune digitalak. Hizkuntza komunitate bakoitzak bere modura erantzun dio testuinguru berrietara egokitzeko etengabeko erronkari. Erantzun horien arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan jartzera heldu diren hizkuntzak daude munduan». Jardunaldian tarte berezia eskainiko zaie euskarak esparru horretan dituen erronkei.

Hizkuntzen bizitasun digitalaren giltzarriak azaltzeko Andras Kornai (Budapest, 1957) aditu hungariarra izango da Bilbon. Kornai doktorea mundu mailako erreferentzia da hizkuntzen bizitasun digitalari dagokionez. Munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dagoela adierazi izan du eta hau saihesteko gakoak zeintzuk diren azalduko du bere hitzaldian. Ingelesez hitz egingo du Kornaik eta euskarara interpretazio zerbitzua eskuragai izango da behar dutenentzat.

Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskararen inguruan lanean diharduten hainbat eragileren txanda izango da. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea zein Udako Euskal Unibertsitatearen ikuspegiak ezagutzeko aukera izango da hamarna bat minutuko aurkezpenetan.

Hausnartu Sarien irabazleek euren lana jendaurrean aurkezteko aukera izango dute

Jardunaldian izen emandakoen parte hartze zuzenerako tarte zabala ere eskainiko da egitarauan. Aldi berean gauzatuko diren lau lantegi aurreikusten dira: hizkuntza erabilera bestelako faktore sozialekin nola erlazionatzen den aztertzera bideratua, lurralde bateko hizkuntza aniztasuna mapetara ekartzeari buruzkoa (Gipuzkoako kasuan oinarritua), herri mailan hizkuntzari lotutako aktibazioaren gakoei buruzkoa eta lehen orduko saioei segida emanez, euskarak ingurune digitalean dituen behar eta erronkei buruzkoa (Azkue Fundazioaren gidaritzapean). Lantegi hauek Euskal Soziolinguistika Jardunaldian bildutakoen ezagutza eta ikuspegi aniztasuna baliatzeko gune bezala planteatu dira. Elkarrekin sortu eta martxan dauden proiektuetan ekarpen kolektibo bat egiteko guneak izango dira.

Arratsaldean, lehen aldiz, Hausnartu Sarien banaketa Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitaraua txertatuko da. Bertan jakinaraziko dira lehen, bigarren eta hirugarren saridunak eta euren lanen laburpena jendaurrean aurkeztuko dute, primizian Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko lanik onenak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera: soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste

Arratsaldeko bigarren saioan Soziolinguistika Klusterra aurrera eramaten ari den zenbait proiektutatik ateratako hausnarketak, ideiak, tresnak eta ikasgaiak modu arinean aurkeztuko dira. Saioaren helburua da abian dauden proiektuen lagin txiki bat erakutsi eta hauen bidez eskuratzen diren emaitzak balioan jartzea.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos