Hizkuntza-teknologiek Gipuzkoako udaletako zerbitzuen inklusibitatea eta irisgarritasuna handitu dezaketen eztabaidagai

Hizkuntza-teknologiek Gipuzkoako udaletako zerbitzuen inklusibitatea eta irisgarritasuna handitu dezaketen eztabaidagai
Elhuya Fundazioa

Elhuyar Fundazioak antolatuta, 'Hizkuntza-teknologiak Gipuzkoako udaletan' jardunaldian ondoriozatu dutenez, hizkuntza-teknologiak bidelagun izango dira euskararen normalizazioan, eta udalek berebiziko aukera dute esku artean

DVDonostia

Elhuyar Fundazioak antolatuta, 'Hizkuntza-teknologiak Gipuzkoako udaletan' jardunaldia egin dute Donostian, Miramar jauregian, eta hizkuntza-teknologiek udaletan zenbaterainoko erabilgarritasuna duten izan dute hizpide hizlariek.

Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran Urrutia eta Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta Barragán eta Euskarabideko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari Ander Irizar Apaolaza bertan iuzan dira, besteak beste.

Juanjo Perez Martinez de Lahidalga Elhuyarreko hizkuntza-plangintzako arduradunaren hitz-hartzearekin hasi da jardunaldia. Azaldu duenez, «hizkuntza-teknologien alorrean lortzen ari diren aurrerapenei esker, orain arte euskaraz ezinezkoa zena edo oinarrizko kalitate-parametroetara heltzen ez zena orain posible da edo oso gertu gaude». Hizkuntza-normalizazioan aurrera egiteko, «bidaide ezin hobeak ditugu hizkuntza-teknologiak, lagungarri baitira euskaraz sortzeko, euskaraz ez dakitenen ulermena bermatzeko eta itzulpen-prozesuak optimizatzeko. Horrez gain, inklusibitatea eta irisgarritasuna lortzen ere lagundu diezagukete».

Perezen ondoren, Itziar Cortés Etxabe Elhuyarreko itzulpengintza-teknologien arduradunak hartu du hitza. Nabarmendu du «euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko sistemak orain arte ez bezalako kalitateko emaitzak» lortzen ari direla, eta itzulpengintza automatikoak Gipuzkoako udaletan dituen bi aplikazio-eremuri buruzko azalpenak eman ditu. Batetik, esan du «itzulpen automatikoko sistemek sorkuntza elebiduna sustatzeko« balio dutela. Bestetik, »dokumentuak itzultzeko prozesuetan txerta daitezkeenez, oso lagungarri dira itzultzaileentzat«. Hala ere, azpimarratu du »arduraz erabili beharrekoak« direla tresnok; »sistema automatikoa da, eta ezin gara itsu-itsuan fidatu«.

Cortésen atzetik, Igor Leturia Azkarate Elhuyarreko hizketa-teknologien arduradunak azaldu du «euskarazko hizketaren sintesian eta ezagutzan ere aurrerapauso handiak» eman direla azkenaldian, sare neuronalei eta deep learning teknikei esker. Udal baten jardunean txertatuta, aplikazio ugari dituzte teknologia horiek, bereziki irisgarritasunari eta inklusibitateari begira. Hizketaren sintesian, batetik, «webguneak irakurri beharrean entzuteko tresna bat dugu, eleaniztuna». Bestetik, «ibilbide eta museoak irisgarri egiteko Bidaide sistema dugu (bidaide.elhuyar.eus)». Hizketaren ezagutzan, berriz, «dagoeneko posible da transkribapen eta azpititulu txukunak automatikoki lortzea euskaraz ere». Alegia, «udaleko osoko bilkurak eta batzordeetako bileren aktak jasotzeko, adibidez, audioak automatikoki transkriba ditzakegu, eta itzulpen automatikoa baliatu hizkuntzaz aldatzeko».

Itzulpen automatikoko bi sistema

Elhuyarreko kideek azaldutako hizkuntza-teknologiek Gipuzkoako udaletan izan dituzten arrakasta-kasuen bi adibide jarri dituzte mahai gainean. Batetik, Karlos de Olmo Serna Donostiako Udaleko itzultzaileen arduradunak azaldu du «itzulpen automatikoko bi sistema» darabiltzatela Donostiako Udalean. Bestetik, testu-sorkuntza elebidunerako lagungarri, Modela.eus erabiltzen dutela. Bestetik, Elhuyarren gaztelania>euskara eta euskara>gaztelania itzultzaile automatikoak beren OLI tresnan txertatuta erabiltzen dute. Hala, «itzultzaileek, lanean ari direla, esaldiz esaldi, itzulpen-memorietako proposamenez gain, itzulpen automatikoak ere jasotzen dituzte, eta horrek asko optimizatzen du itzultzaileen lana»,esan du.

Xabier Arregi Iparragirre Usurbilgo jarduneko alkateak, halaber, azaldu du Bidaide sistema baliatu dutela udalerrian, 'Harria hitz' ibilbidea irisgarri eta inklusibo egiteko. «Mugikorreko aplikazio baten bidez, dibertsitate funtzionalak kontuan hartuta, edonork egiteko moduko ibilbidea da orain 'Harria hitz'. Informazioa eta ibilbidean aurrera egiteko jarraibideak norberaren beharretara egokituta eta norberak hautatutako hizkuntzan jasotzen dituzte bisitariek«.

Temas

Euskera