Hizkuntzaren eta generoaren bidegurutzeetan barrena

Idurre Eskisabelek egingo du lehen saioa urtarrilaren 28an, Lorea Agirre Dorronsororekin/Lusa
Idurre Eskisabelek egingo du lehen saioa urtarrilaren 28an, Lorea Agirre Dorronsororekin / Lusa

Euskaltzaletasunaz eta feminismoaz jarduteko, hilero, urtarriletik maiatzera, bakarka nahiz solasaldian ariko dira, hilean behin, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Saioa Iraola, Jaime Altuna, Aizpea Otaegi, Itziar Gandarias eta Amelia Barquín

Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanez jarduteko ikastaroa prestatu dute urtarriletik maiatzera, eta, bakarka nahiz solasaldian, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Saioa Iraola, Jaime Altuna, Aizpea Otaegi, Itziar Gandarias eta Amelia Barquín ariko dira hizlari.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), Gabriel Aresti Euskaltegiak, Bilboko Kafe Antzokiak eta Jakin aldizkariak antolatu dute 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa: zer ikasi, hura elikatu' bost saioko ikastaroa.

Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, Idurre Eskisabelekin eta Lorea Agirre Dorronsororekin. Izena emateko epea zabalik da urtarrilaren 27 arte, UEUren webgunean eta Jakin zein Kafe Antzokiaren atarietan. Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, hilabete bakoitzaren hondarreko astelehenetan egingo dira saioak Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Euskara eta generoa

«Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla. Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak», azaldu dute.

Horrela, bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzatzen diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen dituzten mahai gainean jartzea da ikastaroaren helburua.

Hizlari bakoitzak bere ikuspuntua

Zehazki, hizlari bakoitzak ertz jakin batetik landuko du gaia, elkarren osagarri. Lehen saioan, urtarrilaren 28an, Idurre Eskisabel kazetari eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak eta Lorea Agirre kazetari eta Jakin aldizkariko zuzendariak 'Euskaltzaletasuna eta Feminismoa, ahalduntzeko elkargunea' hitzaldia eskainiko dute, euskararen eta feminismoaren arteko harremanez, azpiratze eta aukeraz aritzeko.

Otsailaren 25ean hartuko diete lekukoa Jaime Altuna soziologoak eta Aizpea Otaegi Elhuyarreko kideak. Maila teorikoa eta praktikoa uztartzeaz gain, hizkuntzaren eta generoaren arteko loturez jardungo dute solasaldian.

Euskal Herriko Bilgune Feministako Saioa Iraolaren txanda izango da martxoaren 25ean, euskararen eta feminismoaren genealogia aztertzeko. Azkenik, Amelia Barquín Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak hitzaldia eskaini du euskara ez sexista nola erabili daitekeen azaltzeko. Gainera, azken saioa izaki, Ane Labakak eta Bea Egizabalek bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos