Hizkuntzak ezpainetan, sagardoa basoan
Bai, gainbegirada batez, uztartzeko zailak ematen dute hizkuntzek eta sagardoak baina arreta eta irudimen handiagoz eta bihurriagoz erreparatuz gero, segituan harrapatuko dugu konexioa.
Alde batetik, hurrengo astean, hilaren 20tik 22ra, Sagardoaren Lurraldea izendatua izan den Astigarrako Erribera Kulturgunean Sagardo Forum VI garrenean bilduko dira mundu osoko hamaika sagardogile, ikerlari, zale, ofizio eta tradiziozko handiko ekoizle. Baita hainbat ingeniari agronomo ere. Sagardoari eskainitako museoen kudeatzaile zenbat ez dira faltako. Suitzako, Asturiaseko, Kataluniako, Frantziako.
Mundu osoari aurkeztuko zaio bertan ere Dolareak izeneko ekimena. Dakizuenez, proiektu horrek Erbetegi Etxeberri baserriko XVII. mendeko dolarea berreskuratzea ditu asmo eta amets nagusiak eta instituto politekniko batzuetako ikasle finak ari dira horretan jo ta fuego lanean. 'Dolareak' istorioaren berri emango diete Forumkideei Astigarrako alkateak eta Peio Martiko zein Arkeolan Fundazioetako ordezkariek. EHUko Ibon Telleria Euskal Herriko dolareez, baserriez, zuraz eta ondareaz mintzatuko da, besteek bukatu orduko…
Baina nola bizi Sagardoaren lurraldean, nola mintegi eta eztabaidetan parte hartu sagarraren zukurik dastatu gabe? Ez kezkatu. Sagardoaren Azoka Nazioartekoa ere izango da jardunaldi hauetan. Ez Astigarragan Basque Culinary Centeren baizik. Nola iritsi bertara? Alde batetik, bada 31 zenbakiko autobus-linea, hurbil-hurbil uzten zaituena. BCCeko ikasle guztiek hartzen dutena. Bestalde, doako autobusak jarriko dituzte Forum antolatzaileek, Astigarragan irteera dutenak.
Munduko Feriya, bai topaketa markaz fuerakoa! Pentsa ezazue ia ezagutzen ditugun herrialde guztietan egiten eta edaten dela. Gurean, jakina. Asturiasen. Galizian. Bretainian. Galesen. Alemanian. Norvegian. Famatuak dira Ipar Irlandako Argmah hirian ekoizten direnak. Horiek bezain izen onekoak Ingalaterrako Hereforshire konderrian edaten dituztenak. Gozoak oso Behe Austriako Mostviertel eskualdekoak. Denak probatzeko aukera izango dugu datorren larunbatean BCCn.
Sagardoaren alkimiaren kontu guztiak eskuratuko ditugu jardunaldietan. Izotzaren sagadoaz egingo digute berba. Edo udarez egindakoaz. Goi mailako apartsuaz. Alemaniako Hesse hiriko inguruetan sagarrez ekoizten den ardoa zertan enteratuko gara. Ez baita sagardoa sagar-ardoa (apflewein, alegia) baizik…
Azaroaren hiru egun baino ez dira, osteguna, ostirala, larunbata, baina ai zeinen gozo eta osasuntsu.
Hizkuntza ezberdinetan mintzatuko gara topaketa horietan. Ez pentsa mordoilo hori etxekalte denik. Kontrakoa, nahasketak etxeonura dakar. Nature Aging zientzia aldizkari gorenak serio azaldu du bere orrialdeetan elebidun, hirueledun edo eleaniztuna izateak laguntzen diola gure burmuinari okerrera ez egiten, adinaren aje beldurgarriak atzeratzen, geldiarazten kasik.
Ez da izan ez presazko ikerketa, halamoduzkoa. Europako 86.149 lagun aztertu dira, 27 herrialdekoak.
Jendetza horretatik mintzaira bat baino gehiago erabiltzen zutenek buru adin gazteagoa zutela agerian geratu da. Oso. Argi eta garbi.
Kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko sortu zen Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa zentroan lanean eta ikerketetan dabiltzan zientzialariek Nature Aging-eko emaitzak baieztatu egin dituzte. Eta garatu. Eta azaldu. Hizkuntza ezberdinak erabiltzeak, batetik bestera pasatzeak, ezagutzen ditugun horiek uztartzeak edo nahasteak; bakoitzari dagozkion hiztegi, sintaxia edo idazkera jakiteak sasoian mantentzen gaitu. Buruz eta gorputzez. Beraz, datorren astean Astigarragan edo BCC en gaudela, mintza gaitezen sagardoren hizkuntza orotan, eskuan sagar-ardoa dugula. Topa! Osasuna!