«Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak are gehiago urratzeari» uzteko konpromisoak hartzeko eskatu dute

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Haizpea Abrisketa Proiektuetako arduraduna/Kontseilua
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Haizpea Abrisketa Proiektuetako arduraduna / Kontseilua

Aldi bereko agerraldia egin dute Kontseiluak Donostian, eta Estatuko hizkuntza gutxituen zenbait erakunde eta ordezkarik Pontevedran, Valentzian eta Bartzelonan: «mehatxuei eta politika atzerakoiei aurre egiteko konpromisoa» eskatu diete alderdi politikoei

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Hizkuntza gutxituen aurkako «mehatxuei eta politika atzerakoiei aurre egiteko konpromisoa« eskatu diete alderdi politikoei Estatuko hizkuntza gutxituen zenbait erakunde eta ordezkarik. Tartean, Kontseilua, AMESA, Iniciativa Pol Asturianu, NOGARA, Plataforma per la Llengua, ÒMNIUM eta Acció Cultural del País Valencià erakundeek egin dute hizkuntza gutxituen aurkako erasoak gelditzeko eskakizuna.

Eragileotako eledunek aldi bereko agerraldiak egin dituzte, asteazken honetan, hilak 10, Donostian, Pontevedran, Valentzian eta Bartzelonan. Donostian, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Haizpea Abrisketa Proiektuetako arduradunak hartu dute parte.

Bilbaok azaldu du estrategia eragileon kezketatik abiatu zela: «Azken hilabeteotan hainbat alderdik zabaldu dituzten mezuek kezkatu gaituzte, hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak are gehiago urratzeko proposamenak ari baitira zabaltzen».

Kezka horretatik abiatuta, eragileek iniziatiba hartu beharra ondorioztatu zuten. «Iruditzen zaigu etor daitekeen olatu horri aurre egiteko modu bakarra alderdiek konpromiso zehatzak hartzea dela«, esan du Kontseiluko eledunak.

Hartara, lau premisa eta sei konpromiso jasotzen dituen dokumentua adostu dute eragileek. Abrisketak azaldu ditu konpromiso horien edukia: «Egun desorekan daude gaztelania eta hizkuntza gutxituak; horrexegatik, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia erdiesteko, beharrezkoa da, besteak beste, eskubideak eta betebehar berdinak aitortzea, administrazio publikoan hizkuntza gutxituan gaituak diren langileak kontratatzea, epaitegietan hizkuntza gutxituen erabilera normalizatzea edota gaztelaniaren lege bidezko inposizioari amaiera ematea. Hartara, hori da guk zehaztu ditugun konpromisoen muina«.

Dokumentuaren edukia azaltzearekin batera, Kontseiluko ordezkariek hurrengo urratsak zein diren aurreratu dute Donostian egindako agerraldian. Horrela, hurrengo egunotan alderdiei dokumentua aurkezteko asmoa dute. «Ostegun gauean hauteskunde kanpaina izango da, eta nahiko genuke alderdiek aurkeztu dugun dokumentuaren gainean posizionatzea. Esan bezala, konpromiso eske gatoz«, gaineratu du Bilbaok.

Aurrera begira, ekain aldean eragileek Madrilen agerraldi bateratua egiteko asmoa dutela aurreratu du Kontseiluko idazkari nagusiak. Bere hitzetan, «kezkek bildu gaituzte eta horien ondorioz iniziatiba hartzea erabaki dugu, halere, orain hirugarren batzuek hartu behar dituzte konpromisoak. Horixe irudikatuko dugu bertan egingo dugun agerraldian. Inboluzioaren harresia apurtzeko modu bakarra herritarren eskubideak bermatzeko neurri eragingarrien aldeko konpromisoa hartzea besterik ez dago«.

Temas

Euskera