Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean aztertuko dituzte Edinburgon

'Scotland Goes Basque' kultur programaren baitan dago kokatuta egitasmoa/AFP
'Scotland Goes Basque' kultur programaren baitan dago kokatuta egitasmoa / AFP

Urrian egingo dute profesionalen artean ezagutza partekatu eta kolaborazioa sustatzeko Etxepare Institutuak antolatutako mintegia

DVDonostia

Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak antolatuta, nazioarteko mintegi bat egingo da Edinburgoko Unibertsitatean, urriaren 16 eta 17an. 'Scotland Goes Basque' kultur programaren baitan dagoen egitasmoaren helburuak dira ikerlarien eta hizkuntza gutxituetako komunikabideetan lan egiten duten profesionalen artean ezagutza partekatzea eta kolaborazioa sustatzea. Ingelesez egingo dute.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, komunikazio indibidualak, talde panelak eta posterrak jasoko dira, ikerketak zein kasu azterketak aurkezteko zerrenda honetako gai bati lotuta: Komunukazio politikak eta kultura; Hedabideen ekonomia eta ingurune digitala; Telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; Audientzia, genero eta eduki azterketak; Programazio estrategiak eta edukien kontratazioak; Produkzio baldintzak eta banaketa aukerak; Edukien merkaturatzea; Komunikazio eta hezkuntza medioak eta hizkuntzaren erabilera; Lurraldetasuna, hizkuntza eta identitatea; Hedadideak eta genero ikuspegia.

Laburpenak 250 hitz izango ditu, gehienez, eta apirilaren 30a baino lehen bidaliko da helbide elektroniko honetara: miren.manias@gmail.com. Aurkezpenek 20 minutuko iraupena izango dute eta 10 minutuko tartea utziko da amaieran galderendako. Izena emateko argibideak apirilaren amaieran argitaratuko dira.

Funtsezko kontzeptuak eta kasu azterketa

Mintegian izango diren hizlarien artean daude Rob Dunbar (Edinburgoko Unibertsitatea), Josu Amezaga (Euskal Herriko Unibertsitatea, EHU), Elin Haf Gruffydd Jones (Mercator Media), Alan Esslemont (TG4 Irlandako telebistako zuzendari nagusia) eta Itziar Azpeitia (ETBko ekoizlea).

Etxepare Institutuaren arabera, 1980ko hamarkadaren hasieran, Kataluniako, Hego Euskal Herriko eta Galeseko telebisten sorrerak Europako aditu ugari bultzatu zituen hizkuntza gutxituetako hedabideak aztertzera, besteak beste, funtsezko kontzeptuak eta kasu azterketa garrantzitsuak. 1992an, arlo horretan agintari eta erakunde publikoen ardura azpimarratu zuen Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak.

Azken bi hamarkadetan, digitalizazioaren eta Interneten eraginez, komunikazio sistema globala garatu da. Horrekin batera, hizkuntza gutxituetako hedabideen aukerak eta erronkak zaildu egin dira. Aldaketa horiek aurrean izan arren, eztabaida txikia egon da hedabideen eta eremu digitalaren arteko harremanaz.

Temas

Euskera