Hizkuntza gutxituen aktibaziorako jardunaldiak egingo dituzte Donostian

Ekimena aurkeztu duteneko irudia/NPLD
Ekimena aurkeztu duteneko irudia / NPLD

NPLD-Coppieters Campus-a Donostiako Miramar Jauregian egingo da urriaren 17an eta 18an

DVDonostia

Bi egunetan zehar hizkuntza ez hegemonikoen erabilera sustatzeko Europa mailako esperientzien hiriburu bihurtuko da Donostia, hainbat hizkuntza-komunitateko ordezkariak bilduz: katalana, friulera, frisiera, galesera, galegoa, ladinoa, bretoiera, suediera, irlandera eta euskara.

2019ko NPLD-Coppieters Campusa gipuzkoar hiriburuan egingo da urriaren 17an eta 18an, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak, Coppieters Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatuta, eta Kataluniako Generalitatearen, Galesko Gobernuaren eta Frisiako probintziaren babesarekin. 'Activating the social use of minority languages' (Hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatuz) izenburupean elkartuko dira hizkuntza komunitate desberdinetako ordezkariak.

Campusak hizkuntza-politiken plangintzan ardura duten ordezkariak bilduko ditu, baita hizkuntza gutxituen arloan lan egiten duten askotariko erakundeetako kideak ere (elkarteak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, besteak beste). Bere helburua da, leku ezberdinetan hizkuntza gutxituen erabilera soziala aktibatzeko egiten ari diren esperientziak aurkeztea eta eztabaidatzea. Era berean, bere parte-hartzaileentzat elkargune bat izateaz gain, Campusa, hizkuntza-politiken planifikazioaren eta ebaluazioaren inguruan praktika onak partekatzeko espazioa ere izatea da xedea.

Euskaraldia aztergai

Bi egunetako saio monografikoa izango da esperientzia euskaldun, katalan eta galestar ezberdinekin. Campusaren hasierako zatian, parte hartzaileek Euskaraldia aurkeztu eta aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik: proiektuaren oinarri teorikoa, diseinua eta metodologia, komunikazioa, koordinazioa, etab. Bigarren zatian, katalana izango da aztergaia, batez ere, negozioen munduan duen erabilera. Amaitzeko, hirugarren zatian, galesa izango da hizkuntza protagonista, izan ere, familia barnean ematen diren aktibazio esperientziak aurkeztuko dituzte, belaunaldi ezberdinen artean hizkuntza transmititzeko orduan.

Honakoa Campusaren bigarren edizioa da, lehenengoa, Udinen, Friulin (Italia iparraldea), egin zen iaz, eta hizkuntza-politiken planifikazioa eta ebaluazioa izan zituen gai nagusi moduan. Bertan 17 hizkuntza-komunitateko 54 ordezkari bildu ziren (irlandera, galesera, friulera, mochenoa, zinbriera, ladinoa, sardiniera, euskara, katalana, suediera, finlandiera, frisiera, korsikera, okzitaniera, galiziera, breotiera, italiera). ARLeF (Friulerarako Eskualde Agentziak), NPLD sareak eta Coppieters Fundazioak antolatu zuten lehengo edizio hura, Udineko Unibertsitatearen babesarekin.

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra da NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity), «Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea» duelarik helburu nagusi, eta estatu nahiz autonomia erkidegoetako gobernuak, GKEak eta hizkuntza plangintzaren alorrean lanean diharduten erakundeak biltzen ditu. Helburua da agintari politikoek hizkuntza aniztasuna zehar-balio eta Europar Batasunaren politikaren helburu gisa sustatzea.

Temas

Euskera