Hizkuntza gramatikatik aztertzeko euskarri berria
Patxi Goenaga da EGEO gramatikaren egilea eta Beatriz Fernándezek egin ditu editore lanak
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 'Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak' (EGEO) aurkeztu eta online kontsultatzeko moduan eskegi du unibertsitate publikoaren Euskara Institutuaren webgunean. Euskarrian hizkuntza deskribatzeaz gainera, han eta hemen gogoeta teoriko egiten du Patxi Goenaga euskaltzainak, bere jardun akademikoaren hasieratik presente egon den ezaugarria. Osagaiak deskribatu nahi dituen gramatika da EGEO eta osagai horiek dira gramatika honen kapituluei izena ematen dietenak. EGEOk perpaus lokabe eta bakunari buruzko hamar kapitulu ditu eta, paperera eramango balitz 500 orrialde inguru izango lituzke.
'Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak' lanaren aurkezpenean izan ziren Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea; Patxi Goenaga, euskaltzain osoa eta lanaren egilea; Itziar San Martin, Euskara Institutuko zuzendaria; Miren Azkarate, euskaltzain osoa eta Euskara Institutuko zuzendari ohia; eta Beatriz Fernandez, UPV/EHUko ikertzaile eta gramatikaren editorea.
Sortzaileen esanetan euskarria «bereziki lagungarria» gerta daiteke euskal gramatikan trebatzen hasiak diren unibertsitateko ikasleentzat, Z belaunaldiko (1995–2000) eta osteko ikasleentzat, teknologia digitala, interneta eta sare sozialak oso umetatik ezagutzen dituztenentzat. Horregatik sakelakoan eskura izatea «funtsezkoa» zen.
EGEOren atalak
-
1 Perpausa.
-
2 Izena eta izen sintagma.
-
3 Adjektiboa eta adjektibo sintagma.
-
4 Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma.
-
5 Determinatzailea eta determinatzaile sintagma.
-
6 Izen predikatua.
-
7 Egiturazko kasuak.
-
8 Aposizioak.
-
9 Aditza eta aditz sintagma.
-
10 Aditz Inflexioa.
Patxi Goenaga da EGEO gramatikaren egilea, euskal gramatikagintza modernoan, ezinbesteko erreferentea izan den hizkuntzalaria. Azpeitiarra, 1948an jaioa, UPV/EHUko Euskal Filologiako Katedraduna jubilatu arte; Euskaltzaindiko Euskaltzain Osoa da gaur egun. Gramatika bideetan argitaratu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran (Erein, 1978) eta gramatika sortzaile, hots, Noam Chomskyren orduko eredu teoriko berria ekarri zuen euskarara eta euskararen analisira. Harrez gero, gramatika proiektu handi batean baino gehiagotan engaiatua ibili da Goenaga: batetik, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen proiektu guztietan, hala nola, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) eta Euskararen Gramatika (2021) izenekoetan; bestetik, Sareko Euskal Gramatika (SEG), deritzanaren editorea izan zen Pello Salaburu eta Ibon Sarasolarekin batera.
Beste aldetik, Beatriz Fernández da editorea, hizkuntzalaria, UPV/EHUko Unibertsitateko Irakasle Titularra. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko buru eta ikertzailea.