«Hizkuntza ez da edukitzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta»

Gasteizen ezagutzera eman zen Maialen Lujanbiok idatzitako mezuan, «dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke»

E.B. DONOSTIA.

«Euskara gaur egun arte, ta Gasteizaino Korrika, ekarri dugunoi: biba, gora, eutsi, goza... Klika! Hizkuntza ez da eduki-tzekoa. Lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika. Beraz, Klika! Instalatu eta elika! Euskara, ez da euskararen gauzetarako aplikazioa», ida-tzi zuen atzo Maialen Lujanbiok edizio honetako Korrikaren mezuan.

Atzo ezagutzera eman zen Gasteizen eta hernaniarrak idatzitakoaren arabera, «euskarak behar du herri honen sistema eragilean. Memoria handiko lur honen hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa. Euskara, bestelakoa baita... Hain zuzen, besteak bezain bestelakoa. Bestelakoa eta besteak bezalakoa. Baina besteekiko badu alde bat: euskarak dena du aurka; eta horrexegatik juxtu, dena du mauka!». Gaineratu zuenez bertsolariak, «dena baitu sortzeko, euskarak, ia dena du eta sortzeke. Dena du egiteko, euskarak, dena du egiteke. Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna... Hala ere, korrika egiten dugu... Izan ere, hainbeste maite gaituzte erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek... korrika gabiltzala... Zergaitik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan oinez gabiltzanean...?» Bertsolariak idatzi zunearen arabera, «Korrika egiten dugu, lehenetik eta gerorantz. Korrika egiten dugu, Euskal Herria eta elkar ezagutzeko. Korrika egin, munduari gure oinekin eragiteko. Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi. Egin, eragin, eginarazi. Aukerak eskaini eta euskara eskatu».

«Euskaraz sortuak eta euskaratuak. Mundu bat euskarak, mende erdia Euskara Batuak, eta ehunka milaka bizitza eta gogo Euskarak batuak», bukatu zuen Hernaniko bertsolariak Andra Mari Zuriaren plazan bildutako milaka lagunen aurrean.

Temas

Korrika