Hizkuntza autoktonoan egiten duten hedabideetan 4.800 kazetari ari dira lanean Europan

Iñaki Zabaleta EHUko HEKA ikerketa taldeko zuzendaria/EHU
Iñaki Zabaleta EHUko HEKA ikerketa taldeko zuzendaria / EHU

Euskara, galiziera, katalana, irlandera, gaeliko eskoziera, bretoiera, korsikera, frisiera eta samiera (laponiera) erabilita lan egiten dutenei buruzko datuak aurkeztu dituzte Atlantan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Europan 4.800 kazetari ari dira lanean, lanaldi osoan, lan guztia hizkuntza autoktonoan egiten duten 1.070 hedabidetan. Zehazki, Europako hamar hizkuntza gutxituetan aritzen diren kazetaritza eta komunikabideei buruzko datuak dira: euskara, galiziera, katalana, irlandera, gaeliko eskoziera, bretoiera, korsikera, frisiera eta samiera (laponiera), hain zuzen.

Hala azaldu du Iñaki Zabaleta Kazetaritzako katedradun eta Euskal Herriko Unibertsitate (EHU) Europako Hizkuntza Gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritzari buruzko HEKA ikerketa taldeko zuzendariak, Atlantan (AEB) Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkartearen urteko biltzarrean emandako osoko hitzaldian.

Ikerketa taldeak 18 urtez bildutako datuak jaso ditu ikertzailearen hitzaldiak. Zehazki, euskara, galiziera, katalana, irlandera, gaeliko eskoziera, bretoiera, korsikera, frisiera eta samiera (laponiera) erabilita lan egiten duten kazetari eta komunikabideei buruzko datuak dira.

Era berean, Zabaletak azaldu du hizkuntza komunitate horiek 37 milioi lagun dituztela orotara, eta horietatik 12 milioik bertako hizkuntza baliatzen dutela. HEKA taldearen ikerketen arabera, komunikabide horien urteko bolumen ekonomikoa edo diru sarreren batura 1.219 milioi eurokoa da; horietatik, 712 milioi euro katalanez aritzen diren hedabideei dagozkie, eta 103 milioi euro euskarazko hedabideei. Halaber, ikerketen arabera, dauden 1.070 hedabideetatik %87k webgunea dute, eta %75ek sare sozialetarako jauzia eman dute.

Hitzaldian, Zabaletak Hedabideen Garapen Indizea ere aurkeztu du, bere ikerketa taldeak egindakoa. Indize horrek hizkuntza gutxituetako indar mediatikoaren maila neurtzen du, zenbait aldagai aztertuta.

Lehenengo aldia izan da hau, Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkarteak Espainiako Estatuko unibertsitate baten ordezkari bat osoko hizlari gisa gonbidatu duena. Zabaletaren esanetan, «biltzarreko kideen aurrean hitzaldi bat emateko elkarteak egindako gonbidapena gure taldearen eta unibertsitatearen beraren lanaren aitormena da».

«Ez genuen inolako harremanik elkarte horrekin. Haiek eskatu ziguten Atlantara joateko, aspalditik ari zirelako gure ikerketak jarraitzen, eta antolatzaileek adierazi ziguten hitzaldiak oso onarpen ona izan zuela», esan du.

Temas

Euskera