Hiruko Ituna, euskararen lurraldeak «elkartzen dituen zubia»

Ezkerretik eskuinera, Beñat Arrabit, Ana Ollo eta Bingen Zupiria./IREKIA
Ezkerretik eskuinera, Beñat Arrabit, Ana Ollo eta Bingen Zupiria. / IREKIA

Urtebeteko esperientziarekin pozik, elkarlanean aritzeko konpromisoa berretsi dute, 2018rako eginkizun zehatzak finkatuz, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak

N. AZURMENDI

2017ko uztailaren 3an, hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko hitzarmena sinatu zuten Iruñean Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskal Erakunde Publikoak. Baziren aurretik aldebiko harreman emankorrak, baina orain urtebete jarri zuten lehen aldiz sinadura euskararen lurralde guztietako ordezkariek konpromiso formal eta partekatua jasotzen zuen dokumentu batean.

Ostiral honetan, ekainak 15, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan, berretsi egin dute Iruñeko hitzarmena hiru erakundeetako ordezkariek. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako sailburuak eta Beñat Arrabit EEPko lehendakariak orain arteko «bide emankorrari» segida emango diotela adierazi dute, abian diren 20 proiektu eta lan ildo nagusiak jorratuz. 2018rako ekimen zehatzak, urteko programa alegia, eranskin batean jaso dute. Eranskin horretan jasotzen da esparru bakoitzean, 2017-2021 Hitzarmen-markoaren barruan, 2018 urtea amaitu arte egin beharreko lana.

Bataiatu ere egin dute hizkuntza politika bateratu baten oinarri modukoa den lankidetza, Hiruko Ituna marka sortuz. «Elkarlan honen helburua denboran irautea» denez -«kontrakoak ez bailuke zentzurik izango lortzen ari dena ikusita»-, irauteko konpromiso horren erakusgarri da marka. «Asko dira elkarlanean sustatzen ari garen proiektuak, eta etorkizunean gehiago izango dira seguruena. Horiek guztiek marka hau eramatea nahi genuke, sustatzen ari garen lankidetzaren erakusle», adierazi du Zupiriak

Bost esparru

Agerraldian gogoratu dutenez, bost esparrutan ari da gauzatzen elkarlana: hezkuntza eta helduen euskalduntzea; euskararen sustapena aisialdian, ingurune digitalean eta arlo sozioekonomikoan; euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak; ikerketa soziolinguistikoa eta hizkuntzaren corpusa; eta lankidetza Europako markoan.

Bingen Zupiria sailburuak azaldu du lan ildo zehatzetan elkarrekin jarduteko aukera eskaintzeaz gain «erakundeen arteko harremanak normalizatzeko» balio izan duela akordioak. Besteak beste, EAEko Euskararen Aholku Batzordean presentzia dute beste bi administrazioek, eta «HAKOBAko ateak ere zabalik dituzte, hainbat gaietan». Hizkuntzaren corpusera era heldu da bateratzea. EABko toponimia eta terminologia azpibatzordeetan hiru lurraldeetako ordezkariak daude, terminologia azpibatzordean lehen aldiz. «Foro hauetan sortzen den lankidetzari esker emaitzak etorriko dira; esate baterako, aintzat hartuko dira orain arte kontuan hartzen ez ziren zenbait termino, bereziki Iparraldeko aldaerari dagokionez. Horrela, Iparraldeari edo Nafarroari bereziak zaizkion terminoak Euskalterm-en ere kontuan hartzeko pauso berri bat eman da», gogoratu dute. Era berean, «itzulpen memoriak elkar trukatzen hasi dira, corpusa ugaritzeko asmoz eta itzulpen teknologikoak hobeak izan daitezen».

Bateratze horri garrantzi handia eman dio Zupiriak, eta adibide konkretuak jarri ditu: «Itzulpen memorien trukea, ziurtagirien baliokidetzea eta homologazioa...». Informazio homogeneoa eskuratzeko aukera eskaintzen duen Euskararen Adierazle Sistemak ikuspegi horretatik duen inportantzia ere azpimarratu du sailburuak. «Aspalditik zegoen asmo bat gauzatu dugu, eta gaur euskararen inguruko informazio eskaintzen digun erreferentzia nagusi bat daukagu», adierazi du.

Arloka, hezkuntza eta helduen euskalduntzean, besteak beste, Eskola Futura mugaz gaindiko programa abiarazi da. Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria euroeskualdearen baitako ekimenaren helburua da mugaren bi aldeetako Magisteritzako ikasleak irakasle elebidunak edo eleanitzak bihurtzea, frantsesa, euskara eta okzitaniera ikasteko urte bat edo bi urteko formakuntza intentsiboak eskainiz.

Horrekin batera, ikasle euskaldunak trukatzeko programak egin ote daitezkeen aztertzeko bilerak egin dira, eta datozen hilabeteotan erabakiko da egitasmo hori bideratzeko era. Halaber, Iparraldeko ikasle gazteek EAEko unibertsitateetan ikasketak euskaraz egiteko dituzten erraztasunak hobetzeko bideak lantzen ari dira erakundeak. «Arlo hau oso garrantzitsua da Euskararen Erakunde Publikoarentzat eta bide emankorra egitea espero dugu», esan du Arrabitek.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, Hiruko Itunaren bitartez Nafarroako Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuari HABE liburutegiaren dokumentuak eskuratzeko aukera eman zaio eta, horrekin batera, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma Nafarroari egokitzeko bidea ireki da. Hizkuntza gaitasunen egiaztapenen inguruan, B1 mailako agirien baliokidetza bideratzen ari dira Iparralderako, eta Nafarroarekin baliokidetza guztiak gauzatzeko bidea ere jorratzen ari dira.

Halaber, euskara aisialdian eta ingurune digitalean sustatzeko, hiru erakundeen arteko komunikazio bideak hobetu dira. Horrela, hiru erakundeek bat egiten dute Euskararen Aholku Batzordean eta Hakoba lantaldean (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarra). Foro hauetan, euskara aisialdian eta ingurune digitalean sustatzeko asmoz bultzatuko diren ekimenen berri ematen diote elkarri erakundeok, eta kasuan kasu parte hartzea partekatzen dute. Euskararen Aholku Batzordeko azpibatzordetan hiru erakundeek gazteei eta ingurune digitalei loturiko ekimen ezberdinen edukiak elkarrekin jorratu dituzte.

Arlo sozioekonomikoari dagokionez, euskara esparru horretan bultzatzeko dauden praktikak eta sistemak elkarri ezagutaraziko dizkiote datozen hilabeteotan: Bikain ziurtagiria, Euslan programa eta Lanhitz deialdia. Programa hauek elkarrekin kudeatzeko aukera ere aztertuko dute datozen hilabeteotan.

«Elkartzen gaituen zubia»

Emaitzak ez ezik, prozesua bera oso aberasgarria izaten ari dela nabarmendu dute hiru erakundeetako ordezkariek. Hain zuzen ere, abiapuntuak, baliabideak, baita lege aldetiko egoerak ere, desberdinak dira euskararen hiru lurralde administratiboetan. Beñat Arrabitek esan duen bezala, dira «hiru eremu, hiru hizkuntza politika, eta elkartzen gaituen zubi bat». Akordioa, alegia, «elkarrekin hizkuntza politika indartsu bat» ahalbidetzen ari dena. Elkar hobeto ezagutzeko eta aurreiritziak uxatzeko ere lagungarria ari da izaten, maila politikoan zein teknikarienean, harremanak ugaritu eta sakondu dituen ituna.

Hitzarmenaren esanahia berbera da hiru sinatzaileentzat. Helburu orokorra ere bai, euskara sustatzea. Bakoitzak ditu ordea bere berezitasun eta lehentasunak. Euskararen Erakunde Publikoaren ikuspegitik, lehentasunezkoa da Hegoaldeko irakasleek frantsesa ikasteko erraztasunak eskaintzen dizkion Eskola Futura egitasmoari esker irakasle elebidunak erabartzea. Une honetan, hain zuzen, eskola publikoan ere handituz doa euskarazko irakaskuntzaren eskaera. Postu elebidunak sortzen dira, baina ez dira hornitzen, ez dagoelako behar bezainbeste irakasle. Europara begira elkarrekin lan egitea eta hizkuntza politika marko europar horretan kokatzea ere garrantzi handikotzat jo du Arrabitek. Arlo horretan, hiru erakundeak lanean ari dira hizkuntza politikaren gaineko Europako diru laguntzen deialdietara elkarrekin joateko. Badute aurrekari bat: EAS, Euskararen Adierazle Sistema. Euskal Herri osoko eta iturri desberdinetako (Inkesta Soziolinguistikoa, Arrue Txostena, zentsua, Soziolingustika Klusterraren Kale Neurketa...) informazioa jasotzen eta eskaintzen duen proiektuaren % 65a Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (EEGF) ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). NPLD (Network to Promote Linguistic Diversity) hizkuntzen aniztasuna sustatzeko sarean ere parte hartze bateratua sustatzen ari dira.

Nafarroarentzat, berriz, bereziki interesgarria izan daiteke une honetan «erlazioa normalizatua izatea eta elkarlana konpartitzea». Ana Ollo sailburuak esan duenez, «une honetan Nafarroan euskararen inguruko eztabaida nahiko zikina ari gara bizitzen, eta euskara hortik ateratzea eta normaltasunean sartzea oso garrantzitsua da. Alde horretatik, itunak euskarari balioa ematen dio, eta normalizazioan kokatzen du».

Euskaraldia

Euskararen sustapenari dagokionez, 2018. urtea Euskaraldiak markatuko du. Hasiera batean Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Topaguneak abiarazi zuten ekimenak bete-betean egiten du bat Itunaren ildo nagusietako batekin; euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak sortzearekin, alegia.

Horrenbestez, euskararen inguruko sentsibilizazioa sustatzeko, herritarren aktibazioa bizkortzeko eta erabilera bultzatzeko Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia. Hiru erakundeek proiektuan parte hartzen dute, eta hirurak dituzte ordezkariak Euskaraldia koordinatzeko batzordean. Horrez gain, erakundeek elkarrekin hartuko dute parte Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko azterlan batean. «Proiektu hau hiru erakundeen arteko elkarlanaren eredu ezin hobea da», adierazi du Ana Ollok.

Bestalde, hiru erakundeen elkarlanaren bidez, Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoaren argitalpena bideratuko da aurten. Orobat, lankidetzak ahalbidetzen duen markoan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak arnasguneetako hizkuntza errealitatea aztertzeko, diskurtso berriak jasotzeko eta komunikazioa lantzeko plan bat burutzea erabaki dute. Egitasmo honen inguruko nondik norakoak udazkenean aurkeztuko dira, baina aurreratu dute ari direla proiektua «UEMArekin mamitzen».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos