Hiru puska zeluloide

'Napardeath' filma grabatu zuteneko irudia/Katihotsak Logia Kultur Elkartea
'Napardeath' filma grabatu zuteneko irudia / Katihotsak Logia Kultur Elkartea

Egigun bisita etxondoko zinema aretoetara. Hiru euskal film dugu ikusgai. Bik, aste pare bat daramate pantailetan. Hirugarrenak atzo izan zuen aurre estreinaldi mundiala Hernanin eta gaur nazioarteko debuta du antzoki paregabe batean, Donostiako kale Nagusikoan

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Bi izenburu badazkizue, seguru: 'Soinujolearen semea' eta 'La pequeña Suiza'. Bata Fernando Bernuesena. Kepa Sojorena bestea. Hirugarrena, sekretua da kasik. Zen, atzo arte: 'Napardeath', Katihotsak Logia Kultur Elkartearen azken atrebentzia zeluloidezkoa (edo), duela 8 urte hasitako trilogiari (barrabaskeria hirukoitzari, hobe esanda) akabera ematen diona.

Baina zer trilogia eta zer demontre eta zer arraio? Nola? Ez duzue 'Ataun of the Dead' ezagutzen? Nola? Ez duzue 'Joxean's hil eben dastatu inoiz? Ez da posible, ezin liteke, sekula ez duzue ezer aditu Euskal Harriaren ABDak filmaz? Eta euskal zinemazaletzat duzue zuen burua, zuen arima?

Ez esan zonpiroa zer den pu ideiarik ez duzuela!!! Aitaren, Semearen, Espirituaren izenean, herri honek ez du erremediorik, ez du salbaziorik, ez du biharkorik. Orain esango didazue Zumalakarregi jenerala berpiztu denik inork ez dizuela komentatu.

Oharkabean, menturaz , ez zarete izango 'Loreak', 'Amama', 'Handia' edo 'Dantza' film txit goren, txit dotore, txit serio, txit telurikoen miresle sutsu eta zintzoak? Banengoen bada. Ez, ez dago salbabiderik. 'Ataun of the death', 'Joxeans hil eben' eta 'Napardeath' zeluloide puska ez konbentzionalak direlako, belauniko, erreguka, zorioneko eta errebelde ez bazarete sentitzen, euskal zinemak ez du aurrera egingo.

Serio. Seko serio. Seko demonio ari naiz, natzaizue. Ez dakizue Foruak kolokan daudela eta berak (Zuma, Zuma, Zuma lakarregi) bakarrik salba gaitzakeela nahiz eta zonbi moduan izan? Ez zarete oraindik sartu Logiaren web orrian eta irakurri, arreta osoz irakurri ere, lehengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garatu ondoren, gure jeneral zonbia Iruñeara abiatuko dela bere burua euskaldunon errege izendatzeko asmoz? Ez esan oraindik konturatzen ez zaretela. Gure iragana, gure oraina, gure etorkizuna jokoan daude. Bidea ez zaio erraza izango. Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, nafar erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko intentzioetan Dema horretan, nor garaile? Hortxe koxka, hortxe kontua. Hortxe etorkizun gurea.

Ez hartu kontrako bidea zinemarantz. Ez joan 'Soinujolearen semea' ikustera, arren. Arren, otoi, mesedez, faborez. Ez du zine izpirik akatsez eta hutsunez beteriko bere erraietan. Atxagak esanda, bere nobela sumatzen du irudi horietan. Horrek zera esan nahi du, edo Bernardo Estokolmo Sindromeak jota da edo egun egiten den zinemaz ezer ez daki. Baina ez Finlandian edo New Yorken burutzen denaz. Ez, hemengoaz. Koldo Almandozek, Iratxe Fresnedak, Ana Schulzek , María Elorzak, Ander Iriartek eta beste askok sortzen dutenaz.

Soinujolearen semea ez da horien guztien garaikidea. Eta ez bakarrik irudiaren ideologia dela. Eta ez bakarrik zinemaren beraren kontzeptu eta ikuskera direla. Ez, pelikula bat ez den pelikula hau gaizki sortua, eraikia, egina da. Teknikoki. Lokalizazioak kaskarrak dira. Kamera txarto da erabilia. Ekoizpen diseinua pobrea da. Ez, ez da, ezta ere, diru kontua. Irudimen falta baizik. Zinema adimen pobrezia baizik.

Ez tronpatu noranzkoaz. Ez hartu ere 'La pequeña Suiza'-rantz doan bidea. Zinematografikoki Bernuesena baino hobea izan arren, ezer gutxi du tripetan. Bai, aprobetxatu nahi izan dute '8 Apellidos vascos'-en miraria. Baina mirariak ez dira bi aldiz gertatzen. Ez pantailan ez txartel leihatilan. Dagoeneko, 'Vaya semanita' hasi zenetik, gehitxo egin diogu geure buruari barre eta jada hain freskoa izan zen proposamenak ez du funtzionatzen. Zin dagizuet.

Beraz ez dago beste aukerarik. Atzo ez bazineten Hernanin, zoazte gaur arratsaldeko 19:00etan Donostiako Antzoki Zaharrera eta topatu zinemaz harago doan Napardeath filma. Hortxe baitira geure zeluloidezko arima eta tripak salbatuko dituzten irudi eta hitz amarrutsuak. Eta ez baduzue etortzerik, hilaren 10ean izango duzue Ormaiztegin. Zumalakarregi museoan, non bestela, non hobe? 17an, berriz, Beasainen eta 19an Bergarako Gaztetxean.

Ez duzuela joaterik? Zaudete lasai, katihotsak@gmail.com-era idatziz gero, proiektagailua lepoan hartuta, zonpiro multzo galanta joango zaizue nahi duzuen zulora, egongelara, lantokira, dena delakora eta bertan emanaldia antolatu! Naparheid existitzen da. Naparbier existitzen da. Ez ahaztu orain badagoela, kantuz eta zerbezaz ikusi beharreko Napardeath!

Temas

Euskera