Hilaren 17an eta 18an egingo da Gasteizen Natur Zientzien III. Topaketa

Ezkerretik eskuinera, aurkezpenean parte hartu zuten Iñaki Prusilla, Ane Sarasua eta Aitor Salaberria. /UEU
Ezkerretik eskuinera, aurkezpenean parte hartu zuten Iñaki Prusilla, Ane Sarasua eta Aitor Salaberria. / UEU

UEUk eta Euskalnatura taldeak antolatutako jardunaldien xedea da aditu euskaldunek «elkar ezagutzetik elkarrekin lan egitera salto egitea»

'Sinbiosian' izenburupean antolatu du UEUren Natur Zientziak sailak eta Euskalnatura taldeak Natur Zientzien III. topaketa. Jardunaldi hau Euskal Herrian naturaren inguruan lanean dabilen profesionalen eta naturzaleen topagunea izateko jaio zen duela bost urte eta jakintza elkarbanatzea eta elkarlana sustatzea du helburu. Ingurumen hezkuntza, lehen sektorearen erronkak eta ehizaren auzia aztertuko dituzte aurten, besteak beste. Topaketa azaroaren 17 eta 18an egingo da Gasteizen eta matrikula zabalik dago.

Asteazkenean Gasteizen egindako aurkezpenean Iñaki Prusillak, Vitoria-Gasteizko Ingurumen zinegotziak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariak; Ane Sarasuak, UEUko Idazkari Nagusiak eta Aitor Salaberriak, topaketaren koordintzaileak hartu zuten parte.

Ane Sarasuak aditu euskaldunentzat foroak sortzearen garrantzia azpimarratu zuen: «Hiru helburu nagusik bultzatzen dute egunero-egunero UEU bere jarduna egitera. Lehena, goi-mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori gure tokian tokiko gizarteak dituen beharrei uztartzea; eta hirugarrena, ezagutza hori partitzeko foroak eskaintzea da. Topaketa hau helburu horien adibide ezin hobea da».

Era berean, topaketa hau antolatzeko garaian Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta lurralde politika saila eta Vitoria-Gasteizko Udalaren CEA- Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren laguntza azpimarratu zituen: «UEUn elkarlanaren filosofia sustatzen dugu, indarrak biltzea gure jakintza, kultura eta hizkuntza indartzea dela sinesten dugulako. Eskerrik asko guztioi egindako lanagatik eta jarrai dezagun sinergiak biltzen».

Aitor Salaberriak eman zituen topaketa honen helburuak eta arrazoiak, bai eta egitaraua azaldu ere: «Duela bost urte sortu zenetik, topaketak helburu nagusi du naturzale euskaldunen bilgune izatea. Dena den, komunitate horri erronka gehigarria bota diogu aurten, elkar ezagutzetik elkarrekin aritzera salto egitea, hain zuzen. Izan ere, gizarteak ingurumenarekin lotutako hainbat auziri egin behar die aurre, eta konponbide egokia emateko, ezinbestekoa da ingurumenari lotutako taldeek (ikerlariak, kudeatzaileak, herritar zaletuak) elkarlanean aritzen ikastea. Helburu horrekin, hizpide izango ditugu topaketan lehen sektoreko erronkak (nekazaritza, arrantza, basogintza), ehizaren erabilera, ingurumen hezkuntza, kobazuloen itxiera eta ibaietako espezie mehatxatuak. Sinbiosian aritzea lortu gero, ziur beste esparru eta arazoetara ere hedatuko dela ekiteko era berritzailea. Horrez gain, partehartzaileen ekarpenak ere poster saioan edukiko dute isla, eta topaketa bera motz geratzen denez, arratsaldeko salburuako irteeran sakonduko ditugu zenbait gai. Bestalde, topaketa Gasteizera mugitzea ez da kasualitate hutsa. Aldaketarekin, Arabako euskalgintzari aitortu nahi diogu orain arte egindako lana, eta gure txikitasunetik, tresna bat gehiago euren esku jarri. Ingurumen zientzietako gradua, Murgiako basozaintza eskola, Neiker eta lehen sektore indartsua Arabako ezaugarri direnez, Araban ingurumenarekin erlazionatutako pertsonek elkar ezagutzea bultzatu nahi dugu. Bestela esanda, naturzaleen arteko sareak sortzeko akuilu izan, ekosistema honek ere euskaraz funtziona dezakeela praktikara eramanda».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos