12 herrialdetako 22 talde lehian F2P bideo jokoen campusean egoteko

Artiumen egin den aurkezpeneko argazkia./IREKIA
Artiumen egin den aurkezpeneko argazkia. / IREKIA

Uztailaren 16an Gasteizko Artium museoan hasiko den topaketan sei talderentzat

Basquegame bideo jokoen euskal enpresen elkarteak eta BIC Araba enpresa eta berrikuntzako zentroak Gasteizko F2P free-to-play bideo jokoen lehen campus azeleratzailea antolatu dute, eta 12 herrialdetako 22 talde lehiatuko dira parte hartuko duten sei taldeetako bat izateko. Topaketa Artium museoan hasiko da uztailaren 16an, eta uztailaren 19an partaide guztien aurkezpen ofiziala egingo da.

Ekimenaren arduradunek Artiumen egindako aurkezpenean azaldu dutenez, urtean 116.000 milioi euro baino gehiago mugitzen ditu free-to-play bideo jokoen sektoreak. Eusko Jaurlaritzak sustatu du campusa eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesa dauka. Ildo horretan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere parte hartu dute agerraldian.

Taldeek hautagaitzak aurkeztu dituzte www.f2pcampus.com web orriaren bidez, on line sustapen kanpaina handi bat egin eta campusa Bartzelona moduko hirietan antolatutako ekitaldietan edo Malmon (Suedia) egiten den Nordic Games industria honetako azoka garrantzitsuenetako batean aurkeztu ondoren.

Datozen egunetan ezagutzera emango dira campusean parte hartzeko antolakuntzak aukeratutako sei taldeen izenak. Lehian ariko diren hamar talde Espainiakoak dira, eta lau Errusiakoak. Hego Korea, Erresuma Batua, Finlandia, Grezia, Txekiar Errepublika, Montenegro, Holanda, Ukraina, Eslovakia eta Estoniako taldeak ere badaude. Gainera, bideo jokoen industriaren sektore honetako aditu nagusietako batzuk Gasteizen bilduko dira.

Mentoreen kalitateak erakarrita

Gasteizko F2P campusaren sustatzaileak oso gustura daude harrera bikainarekin, «batez ere lehen edizioa dela kontuan hartuz». «Gure ustez, campusera bertaratuko diren mentoreen kalitatea eta hiria bera, bereziki haiek bilduko diren Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoaren instalazioak, horrenbeste eskaera jasotzeko erakargarritasun nagusiak izan dira», azaldu dute.

Aukeratuko dituzten sei taldeek euren bideo jokoen proiektuak Gasteizen landuko dituzte, arlo horretan munduko aditu nagusietako batzuen aholkularitza eta babesarekin. Aditu horiek, udan zehar, Gasteizera bertaratuko dira proiektuak bertatik bertara ezagutzeko. Bide batez, free-to-play bideo jokoetan interesatutako pertsona guztiekin topaketa irekiak egiteko aukera aprobetxatuko dute. «Aukera bikaina da esparru honetako profesionalak Gasteizera hurbiltzeko, nazioarteko guru hauek ezagutzeko eta haiengandik ikasteko», azpimarratu dute campuseko antolakuntzatik.

Gasteizko F2P campusetik igaroko diren hogei bat adituen artean daude Kim Krogh, Suediako King estudioetako zuzendarietako bat (Candy Crush jokoaren asmatzaileak); Stephane Assadourian, Assassins Creed serieko sortzaileetako bat; edota Eugene Yailenko, CATS edo Cut the Rope 2 bezalako jokoen diseinatzailea. Campusa urriaren lehen egunetan amaituko da Demo Day batekin. Bertan parte hartzaileek euren proiektuetan emandako urratsak erakutsiko dituzte.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos