70 herrialdek sexu bereko pertsonen arteko harremanak kriminalizatzen jarraitzen dute

2018an Indian homosexualitatea despenalizatu zuteneko irudia/AFP
2018an Indian homosexualitatea despenalizatu zuteneko irudia / AFP

ILGAk (International Lesbian, Gay, Bisexual, Trans and Intersex Association) 'Estatu homofobia 2019' txostenean jasotzen duenaren arabera, 11 estatuk heriotza zigorra ezartzeko aukera aurreikusten dute beren zigor kodeetan

DVDonostia

GTBI kolektiboak nazioartean «egoera konplexua» pairatzen duela nabarmendu du Berdindu zerbitzuak nazioarteko LGTBfobiaren aurkako egunaren harira egindako adierazpenean. LGTBI kolektiboari informazioa eta arreta emateko Eusko Jaurlaritzako zerbitzuak gogoratu du, baita ere, 70 herrialdek kiriminalizatzen jarraitzen dutela sexu bereko pertsonen arteko harremanak, eta horietako 11k, gainera, heriotza zigorra ezartzeko aukera ere aurreikusten dutela beren zigor kodeetan.

Zerbitzuaren arabera, «bistakoak dira» eman diren aurrerapausoak, legegintza mailan zein gizartearen ideietan. Aurrerapauso horiek, «arauen barruan sartzen ez diren sexualitateekiko sentsibilitate berria garatzea posible egin duten lorpenak» direla nabarmendu du. Hala ere, «desberdinkeria azpimarratzeko» eta gaur egun LGTBI pertsonek zenbaitetan jasan ohi duten «eskubideen urraketa larria» salatzeko betebeharra dutela gogoratu nahi izan dute.

«2019. urtean, kolektiboak nazioartean pairatzen duen egoera konplexuan jarri nahi dugu azentua. ILGAk (International Lesbian, Gay, Bisexual, Trans and Intersex Association) 'Estatu homofobia 2019' txostenean jasotzen duenaren arabera, 70 herrialde dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak kriminalizatzen jarraitzen dutenak; horietako 11k, aipaturiko arrazoia dela eta, heriotza zigorra ezartzeko aukera aurreikusten dute beren zigor kodeetan. Egoera are dramatikoagoa da kontuan hartzen baditugu LGTBI kolektiboak beste herrialde askotan pairatu behar dituen gorroto krimenak eta eskubideen urraketa larriak», salatu dute.

Berdindu zerbitzuaren iritziz, LGTBI pertsonak «halabeharrez ihes egitera behartzen dituen egoera dramatikoa» da, eta, zenbait kasutan, «deserrotze egoeran, oinarrizko beharrizanekiko prekarietate egoeran eta zaurgarritasun egoera handian bizi dira».

Zurrunbiloaren erdigunean

«Hori horrela, harrera herrialdeak garen heinean, ez gara gai beti harrera behar bezala egiteko eta, ondorioz, bizi kalitatea bermatzeko. Datu horiek baliagarriak izan behar dira beharrezko doikuntza bat egiteko eta baliabideak areagotzeko deialdi gisa», adierazi du.

Bestalde, ohartarazi duenez, «planteamendu erreakzionarioetatik areagotzen ari diren diskurtsoek zurrunbiloren erdigunean jartzen dute LGTBI kolektiboa, gorrotoa zabaltzen baitute eta etengabe mehatxatzen baitute funtsezko eskubideen galerarekin». Zerbitzuaren arabera, «sendatzeko» ekimen gisa ezkutatzen diren sasizientzia printzipioetan oinarrituta arauen barruan sartzen ez diren sexualitateen patologizazioa betikotzea bilatzen duten diskurtsoak sartzen dira diskurtso horien artean.

Halaber, «jatorria sexu eta genero dibertsitatearekiko intolerantzian duten eta gure inguruan etengabe ikusten diren gertakariak» gogoratu ditu, eta hala erakusten dira Espainiako Barne Ministerioak eta Eraberean Tratu Berdintasunerako eta Diskriminaziorik ezerako Sarean argitaratu dituzten gorroto delituen inguruko txostenetan edo Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2018an argitaraturiko 'Euskadiko gorroto-gertakariei buruzko txostena' lanean jasotako datuek.

Era berean, oraindik ere mantentzen diren zenbait alderdi gogorarazi ditu: «Heteroarauekin bat ez datozen sexualitateak hierarkizatzen eta diskriminatzen dituzten sexu aurreiritziak, trans kolektiboaren patologizazioa, gure ikastetxeetan ikusten ditugun jarrera homofoboak, emakume lesbianei gizarte zilegitasuna eta beren eskubideak libreki baliatzeko aukera kentzen dien ikusezintasuna eta abar».

Konpromiso lan esplizituak

Horrela, Berdindu zerbitzuak «Euskadi inklusibo bat» aldarrikatu du, «eskubideen erdiespenaren alde eta LGTBI kolektiboak gaur egun oraindik jasan behar duen diskriminazioaren kontrako borrokan ahaleginak bateratuko dituen gizarte zaindari eta proaktibo bat». «Elkarbizitzaren bermatzaile gisa finkatuko den Euskadi bat eraiki nahi dugu, dibertsitatetik. Termino hori hizpide dugun esparruan ulertu behar dugu, baina, jakina, baita bere osotasunean ere», adierazi du.

Zerbitzuaren ustez, gizarte eragile guztien zeregina da «gizarte errespetagarri, justu eta integratzaileago bat eraikitzea», eta, horretarako, LGTBI kolektiboarekin, «konpromiso lan esplizituak hartu behar ditugu gure gain, horrela, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen kontrako borrokan aurrera egin ahal izateko».

«Eta hori da, hain zuzen ere, Berdindu Eusko Jaurlaritzako LGTBI kolektiborako informaziorako eta arretarako zerbitzuak 2002an sortu zenetik izan duen konpromisoa, eta buru-belarri lan egiten du xede horrekin», ziurtatu du.

Temas

Euskera