Borrar
Hegaluzeak prozesatzen
Hegaluze kontserben ekoizpenak ingurumenean duen eragina murriztu dute

Hegaluze kontserben ekoizpenak ingurumenean duen eragina murriztu dute

AZTI zentro teknologikoak Serrats Kontserbak enpresarentzat garatu duen soluzio bati esker gatzunaren zati handiena lehengoratzea lortu da, eta hurrengo urratsa da hortik berreskuratutakoa berrerabiltzea

Jueves, 4 de agosto 2022, 12:16

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

1890 urteaz geroztik Bermeon ezarrita dagoen Serrats kontserba enpresaren produktuen kalitatea inork gutxik jar dezake zalantzan. Ezta, oro har, kalitatezko lehengaiekin eta kontu handiz egindako arrain kontserben izaera osasuntsua ere. Bada, orain, AZTI zentro teknologikoaren eta Serrats enpresaren lankidetzari esker jasangarritasuna ere erantsi behar zaie, zehazki hegaluze kontserbei, AZTIk kontserba fabrikarako soluzio teknologiko berri bat garatu du, «baliabideak optimizatzen eta hegaluzea egosteko prozesuari lotutako ingurumen eragina murrizten uzten diona».

Soluzio teknologiko berri horrek, hain zuzen, gatzuna birsortzea ahalbidetzan du eta, horrela, «gatzunaren %90 berrerabil daiteke prozesuan». Horrek «lehengaien erabilera hobetzea eta, aldi berean, hainbat aplikazio potentzial dituen kontzentratu proteiko berri bat berreskuratzea ahalbidetzen du», AZTIk ohar baten bidez zehaztu duenez.

Ingurumenaren mesedetan enpresak aurretik hartutako hainbat neurri osatzera dator berrikuntza. Hain zuzen ere, Serratsen produktuek MSC zigilu urdina dute, arrantza iraunkorretatik baitatoz. Azken urteetan, «energia modu arduratsuan erabiltzeko politikaren eta beren prozesuetan ur gutxiago erabiltzearen alde egin dute. Orain hegaluzearen egosketako gatzunei tokatzen zaie«.

Bigarren bizitza gatzunarentzat

AZTIk gogoratu duenez, «tunidoak egosi ondoren geratzen den gatzuna kudeatzea buruhauste bihurtu da kontserba enpresa nagusientzat, kudeaketak kostu ekonomiko handia duelako; izan ere, oso gaziak direnez oztopoak daude saneamendu sarera isurtzeko».

Arazoari aurre egiteko, AZTI zentro teknologikoak «biofindegiko prozesu bat diseinatu eta baliozkotu du Bermeoko Serrats kontserba enpresarekin batera, hegaluzea egostean sortzen den gatzunari bigarren bizitza bat emateko». AZTIren eta Serratsen arteko lankidetzatik sortutako ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa izan du I+G+B programaren barruan.

«Kontserba enpresetan hegaluzea egosi ondoren geratzen den uretatik gatzuna bereizi eta hondakin gisa kudeatzeko beharra sortzen da, eta hondakin hori garraiatzeko, biltegiratzeko eta tratatzeko kudeaketak kostu handia dauka. Gainera, kostu hori handitzen joan da denborarekin, Monica Gutierrezek, AZTIko iraunkortasunean aditu eta ekimenaren arduradunak, azaldu duenez.

Testuinguru horretan, AZTIk biofindegiko prozesua hegaluzearen sektorera egokitu du, «agortutako gatzuna berreskuratu eta lehengoratzeko, beste egosketa batzuetan berriz erabiltzeko prest egoteko eta haren baliozko osagaiak (proteina eta olioa) berriro erabiltzeko». Horrela, gainera, gatzuna isurtzea saihestuko da, ingurumena kaltetzea ere saihestuta.

«Konpondu dugun arazoaren lehen zatia izan da Serratsen baliozkotu dugun eta gatzunaren %90 modu higienikoan 'lehengoratzen eta birziklatzen' utzi dien metodologia bat sortzea, horren bidez ekoizpenaren iraunkortasuna hobetzen ere utzita», gaineratu du AZTIko adituak. Horrek esan nahi du 265 tona gatzun kudeatzetik soilik 26,5 tona kudeatzera pasatzen dela, eta, ondorioz, ingurumeneko inpaktua murrizten dela.

Proiektuaren lantaldeak landu duen hurrengo urratsa da estrategia bat aurkitzea gatzuna lehengoratzetik lortutako kontzentratu proteikoari balioa emateko. «Berreskuratutako arrain proteinak gizakien zein animalien elikagaiak lortzeko lehengai berri gisa eta ongarrien formulaziorako balio handiko osagai gisa saltzeko aukera bideragarriak aurkitzen ahalegindu da nagusiki», esan du bukatzeko Gutierrezek.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios