Hauteskundeak

Aritz Gorrotxategi./Jose Usoz / DV
Aritz Gorrotxategi. / Jose Usoz / DV

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Hauteskundeak bertan dauzkagu, hozkaka. Igande gauean alderdi bakoitzaren boto-kopurua jakin ahalko dugu; nork aginduko duen, hori kontu zailagoa izango da, nahiz aliantzen katalogoa mahai gainean jarri duten bai batzuek bai besteek. Atzetik eta isilpean zer banatuko duten, hori ez dago hain garbi. Dena den, eta politikaz ari garenez, beti egon daiteke karta edo jokaldi ezkuturen bat. Azken batean, denak dira etsaiak lagun izatea komeni zaien arte. Eta alderantziz.

Hasieran elkarren etsai ziruditen PSOE eta Podemos lagun egin dira azken aldian. Casadori esker, hainbati Raxoyrekiko nostalgia piztu zaio. Eskuina testosterona aberkoiaren karrozan dabil, birkonkista helburu. Nazionalismo periferikoak beti bezain «traidore» eta «aprobetxategi» jarraitzen du, eta beti bezain beharrezko aritmetika parlamentarioan. Bide batez, kezka sozialak hanka puntetan pasatu dira kanpainan zehar, eta balioak eta banderak izan dira nagusi. Ez dakiguna da balio horiek A kutxakoak ala B kutxakoak ote diren. Banderei dagokienez, zenbat eta handiagoak, orduan eta ikuseremu txikiagoa.

Spinoza filosofoaren ustez, errazagoa da pertsona bat gainerakoekin ados jartzea baldin eta bere buruarekin ados badago. Edozein demokrazia sendoagoa izango da hura osatzen duten gizabanakoak beren pasio ilunak —beldurra, amorrua, bekaizkeria…— menderatzeko gai badira eta beren jarduna arrazoiaren bidez bideratzen badute. Kanpaina honetan zenbait hautagai beren buruarekin eztabaidan ikusi ditugu, egun batean gauza bat eta hurrengoan kontrakoa esanez. Zoritxarrez, batzuek arrazoimena eta arrazoia edukitzea nahasten dituzte. Gauzak honela, bidegurutze zahar baten aurrean jarri gaituzte: arrazoiaren indarra ala indarraren arrazoia?