Hautatu dituzte Euskarabenturan parte hartuko duten 121 gazteak

Dagoeneko finkatu dituzte espedizioak burutuko dituen bisita horietako batzuk/Euskarabentura
Dagoeneko finkatu dituzte espedizioak burutuko dituen bisita horietako batzuk / Euskarabentura

Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, hiriburu guztiak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak ere bisitatuko dituzte Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldunek

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Uztailaren 1etik 31ra bitarte, euskararen lurraldea luze-zabal zeharkatuko du Euskarabenturak. Maulen hasi eta Getxoraino, orotara 783 kilometro egingo dituzte 31 etapatan, horietatik 483 oinez. Done Jakue bide ezberdinak jarraituz, hiriburu guztiak ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako guneak bisitatuko dituzte 121 gaztek, bai eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalaren adierazle diren lekuak ere.

EuskarAbentura espedizioak, aurten bigarrenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko neska-mutilak euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramango ditu.

Iragan martxoaren 10ean itxi zuten espedizioan parte hartzeko izen-emate epea. Lan bat eta motibazio gutun bat igortzeko eskatu zieten hautagaiei, 'Maite ditut maite gure bazterrak: Euskal Herria eta aztarna ekologikoa' gaiaren ingurukoa, 'Joan-etorriak: migrazio mugimenduak' edota 'Errimak eta erritmoak: musika, kantak, dantzak, olerkiak, antzezpenak' jorratzea aukeran emanda.

Inteligentzia mota ezberdinen araberako formatuak ere izan dituzte aukeran: Historikoa, Literarioa, Ikus-Entzunezkoa, Musikala, Plastikoa edota Sormen Digitala.

Aste hauetan zehar, Eusko Ikaskuntzako eta PuntEUS Fundazioko 20 kide aritu dira jasotako 263 proposamen nahiz motibazio gutunak ebaluatzen. Epaimahaiak originaltasun, estilo, teknika eta kalitate irizpideetan oinarritu du bere ebazpena.

Bestalde, lurralde bakoitzetik abenturara batuko zen gazte kopurua aldez aurretik ezartzeko, lurralde bakoitzeko biztanleriak Euskal Herriko biztanleria osoarekiko suposatzen duen proportzioa hartu dute kontuan, eta 121 laguneko taldera estrapolatu. Era berean, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen presentzia bermatzea eta neska/mutil proportzio orekatua lortzea finkatu dute helburu gisa, bi leku gordetzeaz gain zortzigarren euskal probintziakoentzat.

Horrela, EuskarAbentura 2019 espediziorako hautatutako 121 gazteen %65 neskak dira, eta %35 mutilak. %37 Bizkaiatik batuko dira, %22 Gipuzkoatik, %21 Nafarroatik, %12 Arabatik, %5 Lapurditik, eta Behe Nafarroako nahiz diasporako jzioquitar bana ere.

Bisitak eta tailerrak

Dagoeneko finkatu dituzte espedizioak burutuko dituen bisita horietako batzuk. Besteak beste, Orreagako Kolegiata, Gesaltzako gatzagak, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Gernikako Juntetxean izango dira.

Bestalde, era eta eduki anitzeko mintegi eta tailerrek ere egingo dituzte. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak aldiro-aldiro batuko dira espediziora gazteekin ordu batzuk konpartitu eta askotariko jakintzak elkar trukatzeko. Esate baterako, Asisko Urmeneta ilustratzailea nafar historiaz ariko zaie Orreagan uztailaren 5ean.

Tolosara, halaber, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiko (GEZKI) Enekoitz Etxezarreta eta Jon Morandeira hurbilduko dira uztailaren 17an. Eta hilaren 22an, Lezon, Hizkuntzalaritza Teorikoko Taldeko (HiTT) Laura Vela-k gidatuko du hizkuntzaren zientzia eta munduko hizkuntza aniztasunari buruzko mintegia.

Temas

Euskera