Haurrei eta nerabeei arreta emateko 'Zeuk Esan' zerbitzua zabaltzen ari da Jaurlaritza

Zerbitzuaren iragarkia./Eusko Jaurlaritza
Zerbitzuaren iragarkia. / Eusko Jaurlaritza

Familietara edo inguruko helduengana jo nahi ez duten edo jo ezin duten eta arazo baten irtenbiderik aurkitzen ez duten neska-mutilek erabil dezakete 116111 telefono zenbakia

EL DIARIO VASCO

Ostegun honetan — apirilaren 25ean, Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunean— haurrei eta nerabeei informazioa, orientazioa eta aholkua emateko 'Zeuk Esan' zerbitzua zabaltzeari eki dio Jaurlaritzak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek adierazi duenez.

2018an 843 harreman ezarri eta 979 kontsulta sortu ziren. Horietako gehienak, % 90, telefono-bidez egin ziren 116111 telefono-zenbakian; gainerako % 10 zerbitzuko postontziaren bidez.

Datu horien arabera, finkatu egin da haurrei eta nerabeei informazioa, orientazioa eta aholkua emateko 'Zeuk Esan' zerbitzua, eta 2018a izan dela 2010ean abian jarri zenetik kontsulta-gehien izan den bigarren urtea, bai eta lau lauhilekoen arteko oreka handieneko urtea ere. Zerrendan lehenengo lekuan 2011 dago, sustapen-kanpainak 1.436 kontsulta artatzeko bidea eman baitzuen. 2017an, aldiz, 621 kontsulta artatu ziren, 2018an baino 222 gutxiago.

Sailburuaren arabera, «gero eta jende gehiagok du baliabide honen eta bere erabilgarritasunaren berri». Zentzu horretan, eskolaren esparruan egiten den lana azpimarratu du Artolazabalek: «familietara edo inguruko helduengana jo nahi ez duten edo jo ezin duten eta arazo txiki edo handi baten irtenbiderik aurkitzen ez duten neska-mutilentzat benetan baliagarria da zerbitzua. Psikologian edo gizarte-hezkuntzan prestatuta dagoen eta adingabeekiko tratuan esperientzia duen pertsona bat telefonoaren beste aldean izatea laguntza lortzeko beste aukera bat izaten da beti».