Hamar herrialdetatik Euskal Herrira, euskara ikastera

Hamar herrialdetatik Euskal Herrira, euskara ikastera

Etxepare Institutuaren unibertsitate sareko 23 ikaslek euskara ikasteko egonaldiak egingo dituzte udan Zornotzan. Iritsi dira aurrenekoak

Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten ari diren hamar herrialdetako 23 ikaslek euskara ikasteko egonaldiak egingo dituzte Zornotzako Barnetegian. Lehenengo bostak astelehen honetan hasiko dira, uztailaren 2an, eta AEB (bi), Kubak, Erresuma Batua eta Italiatik datoz.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, 2011tik, bere nazioarteko unibertsitate sarean euskara eta euskal kultura ikasten ari diren ikasleek Zornotzako Barnetegian euskara ikasi eta hobetzeko egonaldia egiteko bekak eskatzeko aukera dute, Aurten Bai Fundazioarekin duen lankidetzari esker. Bekak bi asteko egonaldia hartzen du bere gain, eta bidaia gastuak ikasle bakoitzak ordaintzen ditu.

Aurten, hamar herrialdetako 23 ikasle izango dira uztaila eta iraila bitartean euskara bertatik bertara bizitzeko aukera edukiko dutenak. Egonaldien helburua da euskara eta euskal kulturaren ezagutza euskararen eremua baino haratago eramatea, beste herrialde batzuetan ere euskal hizkuntzaren eta kulturaren alderdirik esanguratsuenak ezagutu ditzaten eta dagoeneko dituzten ezagutza horietan sakon dezaten.

Horrela, munduko txoko guztietatik iritsiko dira ikasleak, besteak beste, Alemania, Erresuma Batua, Italia, Finlandia, Polonia, Hungaria, AEB, Kuba edota Irlandatik. 12-15 egunez izango dira Zornotzan, sei txandatan banatuta. Zazpi-zortzi orduz euskara klaseak jasotzez gain, euskal kulturan murgiltzeko era guztietako jarduerak burutzeko aukera izango dute egonaldian zehar. «Labur esanda, bi aste emango dituzte euskaraz bizitzen», adierazi dute Etxeparetik.

Ikasle horietako bat Veneziako Ca'Foscari unibertsitateko Matteo Fiorini izango da, «Aurten, euskara bai!» lehiaketako irabazlea alegia. Etxepare Euskal Institutuak eta Aurten Bai Fundazioak urtero antolatzen duten lehiaketan, nazioarteko ikasleek euskarazko idazlanak bidaltzen dituzte, euskararekin duten harremana ardatz hartuta. Idazlan onenaren egileak barnetegiko egonaldia irabazten du, bidaia eta ostatu gastuak barne.

Mundu osoko 35 unibertsitatetan irakasten da euskara eta euskal kultura Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen irakurletza sareari esker. 2011tik, unibertsitate horietako 130etik gora ikaslek jaso dute Zornotzako Barnetegian euskara ikasteko egonaldia egiteko beka.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos