Groenlandiako izotza urtzeak lehortea darama Afrikara, eta uholdeak Indonesiara
Orain dela 18.000 urte gertatutakoa aztertzeak lagundu die zientzialariei gaur egun gertatzen ari dena ulertzen
m. imaz
Osteguna, 5 urtarrila 2023, 13:23
Tximeleta teoriaren arabera, lehenbiziko aldaketa batek epe ertain edo luzera aldaketa askoz handiagoak, eta maiz ezustekoak, ekar ditzake. Klima aldaketaren ondorioekin ere hori gertatzen da, epe luzeko datu klimatikoen azterketa berri baten bitartez nazioarteko zientzialari talde batek lehendik ere nahiko argi zegoena frogatu baitu: nola eragin ditzakeen Groenlandiako izotzen urtzeak megalehorteak Afrikako ekialdean eta uholde larriak Indonesian.
'Science Advances' aldizkarian argitaratu den eta AEBetako Brown Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu duten ikerketak, hain zuzen, 10.000 urteren buruan izandako baldintza klimatikoak karakterizatu, alderatu eta aztertu ditu. Europa Press agentziak zabaldu duen berriaren arabera, azterketa horrek zientzialariei lagundu die hobeto ulertzen zein den Groenlandiako glaziarren urtzearen eta Afrikako lehorteen zein Indonesiako uholdeen arteko lotura.
Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, duela 18.000 eta 15.000 urte bitartean, garai batean Ipar Amerikako zati handi bat estaltzen zuen glaziar erraldoitik zetorren urtutako ur geza Ipar Atlantikora iritsi zen. Ondorioz, Ozeano Atlantikoa bero mantentzen zuten korronte ozeanikoak ahuldu egin ziren, eta horri erantzuteko gertakari-kate bat sortu zen. Sistemaren ahultzeak, azkenean, Indiako ozeanoan ura alde batean beroago eta bestean hotzago mantentzen duen begizta atmosferiko bat indartzea ekarri zuen.
Muturreko eredua
Dipolo izeneko muturreko eredu meteorologiko horrek, alde batean (ekialdean edo mendebaldean) batez bestekoa baino prezipitazio handiagoak izatea eragiten du, eta bestean lehorte orokorra. Aztertu situzten datu historikoetan zein simulazioetan ikusi dituzte ikertzaileek eredu horren adibideak. Aurkikuntza horiek, Indiako Ozeanoan ekialde-mendebalde dipoloaren azpian dauden mekanismoak hobeto ulertzeko ez ezik, lehorteen eta uholdeen aurreikuspen eraginkorragoak egiteko ere izan daitezke lagungarriak.
«Badakigu gaur egun Indiako ozeanoko tenperatura-gradienteak garrantzitsuak direla prezipitazio- eta lehorte-ereduetarako, batez ere Afrika ekialdean, baina zaila izan da frogatzea gradiente horiek epe luzera aldatzen direla eta Indiako ozeanoaren bi aldeetako prezipitazio- eta lehorte-ereduekin erlazionatzea», dio James Russell ikerketaren egile eta Brown Unibertsitateko irakasleak.
«Orain oinarri mekanizista bat dugu bi eskualdeetan prezipitazio-ereduetan epe luzera izandako aldaketa batzuk zergatik aldatu diren ulertzeko», gehitu du. Ekialde-mendebalde dipolo horretan, mendebalde aldeko ura -Ekialdeko Afrikako Kenya, Etiopia eta Somaliako kostaldetakoa, kasu-, ekialdekoa (Indonesia ingurukoa) baino hotzagoa da. Hala, ur beroagoek prezipitazio handiagoak eragin zituzten Indonesian, eta ur hotzagoak klima askoz lehorragoa ekarri zuela Afrikako ekialdera.
Hori, gainera, ez da iraganeko kontua, eta bat dator Indiako Ozeanoan azken urteetan ikusten denarekin. Urrian, adibidez, euriteek uholdeak eta lur-jausiak eragin zituzten Indonesiako Java eta Sulawesi uharteetan: lau hildako utzi eta 30.000 pertsona baino gehiago kaltetu zituzten. Beste muturrean, Etiopiak, Kenyak eta Somaliak lehorte handiak izan dituzte 2020tik aurrera.
Gaur-gaurko arazoa
Duela 17.000 urte izan ziren aldaketak are muturrekoagoak izan ziren, Lurreko aintzira handienetako bat den Victoria erabat lehortzera iritsi baitzen. «Funtsean, dipoloak muturreko fenomenoak eragin ditzaketen baldintza lehor eta hezeak areagotzen ditu: hainbat urte edo hamarkadatako lehorteak ekialdeko Afrikan eta uholdeak hegoaldeko Indonesian», azaldu du Xiaojing Du Browngo Ingurumen eta Gizarte Institutuko eta Lur, Ingurumen eta Planeta Zientzien Saileko doktoretza-ondoko ikertzaileak, eta ikerketaren egile nagusiak.
«Pertsonen bizitzan eta eskualde horietako nekazaritzan eragina duten gertaerak dira -gaineratu du-. Dipoloa ulertzeak hobeto iragartzen eta etorkizuneko klima-aldaketarako hobeto prestatzen lagun diezaguke ». Ikertzaileek ere frogatu dute aztertutako aldian zehar itsas mailaren jaitsierak eta inguruko plataforma kontinentalen esposizioak areagotu egin zutela eragin hori.
Zientzialariek diotenez, ikertzen jarraitu behar da azaldutako plataforma kontinentalak eta itsasoaren maila baxuagoak Indiako ozeanoaren ekialde-mendebaldeko dipoloan zer eragin duten jakiteko, baina gaia ikertzeko lana zabaltzeko asmoa dute. Itsas mailaren jaitsierari buruzko lan-ildo horrek etorkizuneko baldintzak modelizatzeko balioko ez badu ere, antzinako glaziarren urtzeak Indiako ozeanoko dipoloari eta Ozeano Atlantikoko beroa garraiatzeko sistemari nola eragiten dien ikertuz egin duten lanak funtsezko datuak eman ditzake etorkizuneko aldaketei buruz, klima-aldaketak izotza gehiago urtzea eragiten duen heinean.
«Groenlandia hain azkar urtzen ari denez, ur geza asko isurtzen ari da Ipar Atlantikoan, eta horrek eragina du ozeanoen zirkulazioan — azaldu du Russellek —. Hemen egindako lanak Ozeano Atlantikoaren zirkulazioaren aldaketek Indiako Ozeanoko kliman eta, horren bidez, Afrikako eta Indonesiako prezipitazioetan nola eragin dezaketen ulertzen lagundu du ».