Hor goian dauden uharte sekretuak

Gauza franko ikas daiteke Lurraren geopolitikaz Eurokopako sailkapenetako zerrendak arakatuta/EFE
Gauza franko ikas daiteke Lurraren geopolitikaz Eurokopako sailkapenetako zerrendak arakatuta / EFE

Oraindik ere, askoren iritziz, futbolak ez du ezertarako balio. Oraindik ere, anitzen aburu zaharkituez, gizakion opio berria da. Makina bat jendek, ordea, jakin badaki futbolari esker geografiaz, historiaz, politikaz eta munduko misterioez ikasten dugula

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESODonostia

Egunotan bi maila goreneko norgehiagoka daukagu martxan futbol unibertsoan. Alde batetik, Emakumezkoen Munduko Txapelketa, non neska euskaldunez beteriko Espainiako Selekzioak Hego Afrika gainditu eta Alemania boteretsuaren aurrean makurtu ez den; non Estatu Batuetako jokalari berdingabeek 13 gol sartu dizkioten kirol honetan hasi berriak diren Thailandiakoei, non Nigeriako emakumeek planeta osoa aho bete hortz utzi duten batere txarrak ez diren Hego Koreakoak joko alai eta finaz irabaziz.

Bestaldetik, Gizonezkoen 2020an jokatuko den Europako Koparen hasierako sailkapenetan gaude. Bertan badira lehian kontinente honetako azken gatazka politikoen ispilu diren hainbat selekzio. Joan den mendean Jugoslaviako banderapean hain emaitza onak lortu zituen hura orain bi, hiru, lau herrialdetan banandua, hautsia agertzen zaigu. Izan ere, gerraren sufrikarioaren aztarnak erraietan dituzten Kosovo, Montenegro, Serbia eta Croazia dira egun lehiakide. Kasu askotan elkarri diote suak markaturiko gorrotoa. Kasu zehatz batean, herrialde frankok ontzat hartzen ez duten nazio bat ari da besteekin neurtzen: Kosovo.

Askozaz zaharragoa da oraingo kontu hau: Badira urteak Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desagertu zela baina mende honetan hasi dira Europa mailan futbolean SESBaren barruan ziren hainbat herrialde. Adibidez, Azerbayan. Adibidez, Lituania.

Bai, gauza franko ikas daiteke Lurraren geopolitikaz Eurokopako sailkapenetako zerrendak arakatuz. Geopolitikaz eta futbolaren nazioarteko garrantzi ukaezinaz. Ez dago baloiarekiko amets egiten ez duen herrialderik. Txikienak barne. Horra hor, esaterako, Luxenburgo.

Ezin uka, ez, kontu ugari jartzen du mahai gainean, tabernetako barretan eta pantaila irekietan Eurokopak. Aspaldiko desira eta handinahiak, nola ez. Bere selekzio propioaren ametsetan dabil denbora luzez Euskadi.

Arrazoi osoz sailkapenean ikusten baititu borroka finean Iparraldeko Irlanda eta Afrikari begira den Gibraltar. Bai, istorio mordo bat azaltzen da futbol emaitzen zerrendetan.

Datorren urtean Londres, Baku, Copenhague, Glasgow edo Budapesteko estadioak gehi Bilboko San Mames gainezka egingo dituzten partidei buruzko notiziekin batera, mapetan murgiltzeko gonbit ederra jasotzen dugu,egun, zaleok. Gonbit berezia. Herrialde batzuk non dauden jakiteko mina pizten du Europako lehiak. Bidaiari, esploratzaile bihurtzeko parada eta beta gureganatzen dugu plazer handiz, paperezko abentura egarriz, gosez.

Esate baterako, zer dakigu Maltaren aurrean, Norbegiaren kontra, Errumania eta Espainiaren aurka partida bat ere irabazi ez duten Faroe uharteen inguruan? Kirol egunkarietan komentatu da han baloiak zelai erdian uzten dela norgehiagoka bukatu eta gero inork ez baitu lapurtuko. Aipatu da ere han, kotxeetako ateak irekita uzten direla. Goraipatu dute postariak etxeko korridoreko mahaian uzten dituela gutunak inork ez baitu bizilekua giltzaz ixten.

Faroe uharteak hor goian daude. Iparraldeko Atlantikoan, Norbegia, Islandia eta Erresuma Batuaren hurbilean. Danimarkaren barruan izan arren, independente samar diren 18 uhartek osaturiko artxipelagoa dugu. Hain independente zer Europar Batasunaren kide ez den. Danimarka bera eskubide osoko partaidea bada ere.

Sumendiek sortu zituzten lur hauetako 50.000 biztanleen bizimodua aspalditik izan da nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza. Bale ehiztari ezin hobeak izan dira. Eta dira. Arkumea dute armarrian ikur eta euren ereserkian harro diote lur guztietan ederrena dela Faroekoa. Lur malenkoniatsua, lur kasik sekretua, lur urrutikoa, oso urrutikoa. Ardiak dira irla hauen erreginak. Zabal mozo txoriarekin partekatzen dute erresuma berde hori noneguzkian dantza arraroan dabilen urtaroz urtaro.

Poloa hain gertu izanda, gaur, igandean, goizeko hiru t'erdietan sortuko da eguzkia eta gaueko 23:30ean sartu!!! Neguan berriz, argiak ez dirau ezta bost ordu ere. Egunero iluntasun kasik osoan bizi dira 1140 minutuz.

Faroe irlak. Bertan soropil artifizialezkoak dira futbol zelaiak. Bertan turismoa gogor lantzeari ekin zioten duela gutxi, arrantza krisialdiak bultzatuta. Bertako askoren jatorria bikingoa da. Bertako askoren ideologia independentziaren aldekoa izan arren, bi ordezkari ditu herrialdeak Parlamentu daniarrean eta ikertzaile politikoen peskisek diotenez, independentzia gura hori aldakorra da. Egoera ekonomikoa ona bada, gustura,eroso daude Danimarkarekiko euren harremanetan. Txarrera egiten duenean, berriz, maizago entzuten dira burujabetasunaren aldeko aldarrikapenak.

Faroe uharteak. Behin ere ez dute irabazi hastapenetako partidetan baina frogatu dute nahiz eta belar benetakoak ez izan, ederki eta txukun zaintzen dituztela zelaiak.

Galdu dituzte bai partida denak, baina joandako garaietako gesta-kanta batzuen berri izan dugu futbol borrokan ziren bitartean. Ezagutzen ez genuen hizkuntza baten doinua dastatu dugu eta pozik ibili gara atlas batean, hor goian, Atlantiko hotz hartan, 18 uharte horiek kokatu nahi bizian.

Temas

Euskera