60 Global Training beka eskainiko ditu UPV/EHUk
Beste herrialde batean egonaldia egiteko hautagaitza datorren irailaren 27ra arte aurkez dezake, betiere 30 urtetik beherako tituluduna izanda
DV
Osteguna, 27 uztaila 2023, 12:43
UPV/EHUk 60 beka eskainiko ditu praktikak atzerrian egiteko, Global Training programaren barruan. Orain, datorren irailaren 27ra arte nahi duen orok -betiere 30 urtetik beherako tituluduna izanda- bere hautagaitza aurkez dezake beste herrialde batean egonaldia egiteko.
Unibertsitatetik jakinarazi dutenez, EAEko goi hezkuntza eremuan bakarka aurkeztu den erakunde bakarra izan da. «Oso pozik gaude deialdiaren emaitzarekin, beste behin erakusten baitu gure unibertsitateak kalitateko proiektua aurkeztu duela», esan zuen M. Juncal Gutierrez Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak.
'Global Training' programak helburu du EAEko gazte tituludunen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzea, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako praktika profesionalak atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan 6-12 hilabetez egin ditzaten, betiere aurrez prestakuntza praktikoko plan bat eratuta.
Ingeniaritzaren, teknologiaren, laborategien edota arkitekturaren arloko praktika profesionalak eskaintzeaz gain, garapen jasangarriarekin zerikusia duten praktikak ere eskaintzen dira, hala nola Nazio Batuen Munduko Itunen Sarean; kontserbazioarekin lotutakoak, Hegoafrikako Biodibertsitatearen eta Garapenaren Institutuan eta Hegazti Harrapariak Aztertzeko eta Kontserbatzeko Zentroan; kulturari buruzkoak, Estatu Batuetako Euskal Museoan eta Lisboako edo Limerickeko galerietan; eta genero berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutakoak, Panamako NB Emakumeak erakundean edo Equimundo Globalen (Washington).