Gizarteko talde guztien atxikimendua izango duen euskalgintza, hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko

80 aditu baino gehiago elkartu dira jardunaldian/Euskaltzaindia
80 aditu baino gehiago elkartu dira jardunaldian / Euskaltzaindia

Euskal kulturgintzaren inguruko 80tik gora aditu bildu dira 'Euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriak' mintegian, langile publikoen euskararen erabilera eta euskal kulturgintzan hizkuntza biziberritzeko bide berriak jorratzeko, besteak beste

DVDonostia

Euskal kulturgintzaren inguruko 80 aditu baino gehiago elkartu dira asteazken honetan 'Euskara biziberritzen jarraitzeko bide berriak' izeneko mintegian. Erramun Osa euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko idazkariak koordinaturiko jardunaldia bost mahaitan egituratu da. Horietan, besteak beste, Euskadiko eta toki erakundeetako langile publikoen euskararen erabilera eta euskal kulturgintzan hizkuntza biziberritzeko bide berriak jorratu dira.

Era berean, Euskaraldia ekimenaren ezaugarriak eta helburuak aurkeztu dira -ekimenaren bigarren edizioa 2020ko udazkenean egingo da-, eta, azkenik, euskara biziberritzeko ahaleginetan, gizarte eragileek landu ditzaketen bideen inguruko gogoeta egin da.

Mintegian hitzaldi eta komunikazioak aurkeztu dituztenen artean daude Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Gotzon Lobera itzultzaile eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea, Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Natxo Mosteiro Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako Hizkuntza Plangintzaren arduraduna eta Amaia Jauregizar Euskaltzaindiko kide eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoko ikertzailea.

Halaber, Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz soziolinguistak, Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusiak, Sagrario Aleman euskaltzain eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko buruak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak, Josu Waliño PuntuEus Fundazioko zuzendariak, Mikel Irizar euskalgileak eta Erramun Osak berak ere ekarpenak egin dituzte.

«Erronka berriei heldu eta gogor lan egin»

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskara ingurumari berrira ekarri duten azken hamarkadetako hizkuntza politiken garrantzia nabarmendu du, baina, hala ere, «erronka berriei heldu eta gogor lan egin» beharko dela ohartarazi du, «hizkuntza biziberritzen berriro asmatuko badugu».

Hala eta guztiz ere, Zupiriaren esanetan, «erronka berriei heldu behar diegu eta gogor lan egin beharko dugu, hizkuntza biziberritzen berriro asmatuko badugu». «Euskararen jakintza areagotzea, erabilera bultzatzea, lan munduan urratsak egitea, familia bidezko transmisioa bermatzea, euskararen inguruan dagoen atxikimendua zaintzea… Erronka horiei eta beste hamaikari heldu beharko diegu epe laburrean«, azpimarratu du.

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatu dute jardunaldia eta euskara biziberritzeko bide berriez gogoeta egitea izan du helburu, hainbat alderditik ikusita. Bingen Zupiriak berak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mari Atutxak hasiera eman diote jardunaldiari.

Muga dohain bihurtu

Urrutiak azpimarratu duenez, bi erakunde antolatzaileak, hots, Euskaltzaindia eta Sabino Arana Fundazioa, «batera datoz pil-pilean ari diren euskara biziberritzeko ekintzekin».

«Jagon sailaren aldetik, gogoetak bildu eta euskarari ate berriak irekitzeko asmoa bizirik dago euskararen akademian bere mendeurrenean. Urratsez urrats jardunez, helburua argi dago: belaunaldi berrientzat euskararekiko ildo beregainak moldatu, elkarlanaren bidez horra mintegiaren helburua, horra gaurko gure ekimenaren oinarria», adierazi du.

Halaber, uan Mari Atutxa Arana Fundazioko buruak nabarmendu du «eragozpide handia» dela euskararentzat «hiztun gutxiko hizkuntza izatea», baina, aldi berean, «muga hori dohain» bihurtu behar dugula. «Txikiak ausarta, sortzailea eta engaiatua izan behar du. Txikiaren handitasuna beharrezkoa dugu balizko arriskuak aukera bilaka daitezen«, esan du.

Temas

Euskera