«Gizarteak exijitzen digu maitasuna erdigunera ekarri eta beste alor batzuk, maitasunarenak ere izan daitezkeenak alboratzeko»

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria/
Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria

Hirugarrenez antolatu dituzte Usurbilen Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk jardunaldiak. 'Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen' izenburupean, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak hartu du hitza, besteak beste

DVDonostia

Puri-purian dagoen gaia da maitasun eta harreman ereduena. Hirugarrenez antolatu dituzte Usurbilen Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk jardunaldiak, eta hain zuzen, 'Maitasuna politikoa da. Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen' izenburupean, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak azaldu du nola, «maitasuna gu egiten gaituen -tasun garrantzitsuenetako bat» den. Ohartarazi du «maitasunaz ulertzen duguna praktikara ekartzen dugunean, gauza konkretuetara, maitasun hori oso oso feminizatua» dagoela, eta kontsumoari lotuta. Pribatu-publiko, gizarte-familia dikotomia nabarmendu du.

«Nik uste dut maitasunaren gainean diskurtso anbibalente edo bitarikoa, gutxienez, badagoela. Bata da denok esaten dugula maitasunak erdian egon beharko lukeela. Ez bakarrik gure bizitza pertsonaletan baizik baita ere neurri ekonomikoak edo sozialak edo politikoak hartzerakoan», esan du, zehazteko gero «nola gizarteak exijitzen digun maitasuna gure bizitzetan oso presente izan dezagun eta eskaini diezaiogun ahalik eta indar, energia eta denbora gehien; beste alor batzuk edo eremu batzuk, maitasunarenak ere izan daitezkeenak alboratuta. Bereziki begirada generizatu bat dago».

Planteatu du maitasun eredu hori ideologiaren tankerakoa dela, maitasunaren gainean lege eta arau asko egiten direla. «Maitasuna deitzen diren espazio horiek oso arautuak daude gizartean, nahiz eta gero ez zaion bereziki garrantzia ematen zentzu positiboan. Eta nik uste dut baita ere maitasunaren bitartez sozializatzen garela neurri handi batean».

Azkenean, maitasun erromantiko hori «oso maitasun injustua da, genero aldetik desberdinkeria handiak sortzen dituena. Jabegoa oinarri duena». Uste du kontsumoaren bitartez elikatzen dela maitasun eredu hori.

Ondorioz sortzen diren pribatu-publiko, gizarte-familia dikotomia nabarmendu nahi izan du, eta nola, hala ere, «maitasuna parametro sozial politikoetan ulertzea kostatzen zaigun. Norberari gertatzen zaigun %95a politikoa da. Gauza politikoa dela esateak zer esan nahi du? Oso erroko gauza bat dela gure bizitzetan, baina baita gizartean ere. Injustizia azaleratzean, bikotean edo familian, dena kolokan jartzen da«.

Temas

Euskera