Genero markarik gabekoen saila sartu du lehen aldiz bere pertsona izendegian Euskaltzaindiak

Euskal Onomastika Datutegi berrian dauden berrikuntzak azaldu dituzte prentsaurrekoan/Euskaltzaindia
Euskal Onomastika Datutegi berrian dauden berrikuntzak azaldu dituzte prentsaurrekoan / Euskaltzaindia

'Euskal Onomastika Datutegia' eta 'Pertsona izendegia' lan berrituak eta 'Kale- eta karrika-izenen eskuliburua' aurkeztu ditu Euskaltzaindiak Nazioarteko Onomastika Jardunaldian

DVDonostia

'Euskal Onomastika Datutegia' eta 'Pertsona izendegia' lan berrituak eta 'Kale- eta karrika-izenen eskuliburua' aurkeztu ditu Euskaltzaindiak Nazioarteko Onomastika Jardunaldiaren bigarren egunean; lehen aldiz, izen neutroen edo genero markarik gabekoen saila sartu du bere pertsona izendegian, eta 500 izen inguru gehitu dira bertan.

Horrela, izaera irekia eta dinamikoa izango du 'Pertsona izendegia' berrituak eta aldiro gaurkotuko da, webgunean, jakinarazi dutenez. Lehenago zeuden pertsona izen txikigarri bakanei beste batzuk gehitu zaizkie.

«Izendegiaren berezko izaera irekia eta dinamikoa mantenduz, era guztietako izenak sartzen jarraituko du Euskaltzaindiak. Aurkezten dugun honetan orain arte dokumentatu ditugunak sartu dira, baina zerrenda zabalik dago eta izen berriak aztertu ahala datu-basean gehituz joango gara«, azaldu du Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak.

Halaber, euskaltzain urgazleak azaldu du genero marka duten izenak kategoria horri atxikiak direla tradizio soziokultural edo ibilbide historiko bat dutelako euskal gizartearen bilakaeran. «Hala ere, datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua duten generoaz gain beste generoarekin ere erabili edo erabiltzen direla, datuak egokitu beharko lirateke«, gaineratu du.

Kontsultatzeko sistema berria

Bestalde, Euskal Onomastika Datutegi berrian dauden berrikuntza guztiak ere azaldu dira prentsaurrekoan. Alde batetik, kontsultatzeko sistema berria dago, kontsultagarri jarriko den erregistro kopurua lehen baino nabarmen handiagoa dela eta erregistro horietaz kontsulta daitekeen informazioa askoz ere aberatsagoa dela.

Halaber, kontsultak abiatzeko eta fintzeko tresna ahaltsuagoak jarriko dira abian: datuetara jotzeko oinarrizko menuez gainera, bilaketa malguak egiteko aukerak (komodinak, izenen osagaiak...) eta erregistroak iragazteko sistema azkar eta anitzak inplementatu dira web berrituan.

Kontsultagarri jarriko diren erregistro kopuruetan ikusiko da EODAren hazte kuantitatibo nabarmenena, bai pertsona izenetan eta bai leku erregistroetan. Horrela, deiturak 9.610etik 9.660ra igaro dira, pertsona izenak 3.460tik 4.730era, eta leku erregistroak 7.977tik 112.700ra.

Azkenik, mendeurrena profitatuz, 'Kale- eta karrika-izenen eskuliburua' plazaratu du Euskaltzaindiak, Onomastika batzordearen eskutik. Bertan, karrika izenetarako emandako irizpideak eguneratuta eta xeheago deskribatuta agertzen dira.

«Aspalditik, kale izenen idazkerari buruzko aholku zerbitzua dauka Euskaltzaindiak, eta orain eskuliburu honen bidez berretsi egiten du bere zerbitzu eta aholku izaera hori», gogoratu du Alfontso Mujika Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak.

Azpimarratu du urteetan metatutako esperientzia partekatzea eta herritarren esku jartzea dela Euskaltzaindiaren helburua eta nahia, eta horregatik plazaratu duela eskuliburu hau. Horrela, dei egin die herritarrei, herritarren ordezkariei eta udal langile zein euskara-teknikariei Euskaltzaindira jo dezaten kale, karrika eta kidekoen izenen arloko zalantzak argitzera.

Temas

Euskera