Borrar
Urgente La carrera de Fórmula 1 con el campeonato en juego, en directo

Euskarazko tesiak hauspotu ditu Koldo Mitxelena sariak

Euskaltzaindiak eta UPV/EHUk doktoreek euren lanak euskaraz aurkezteko sustatu zuten Koldo Mitxelena eta ikertzaileen ustez helburua betetzen du

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 9 apirila 2023, 18:32

Comenta

«Errekonozimendua babesa da». Tesia egite hutsa erronka handia izanda, euskaraz egitea «hautua» dela argi dute Maitane Basasorok eta Beñat Garaiok ikertzaileek eta, kasu batzuetan, jada zaila den bidean oztopo bat gehiago dela. Hala ere, biek ala biek hasieratik argi izan zuten euren erabakia eta Koldo Mitxelena ekimeneko azken edizioan Eneko Iradier, Iñigo Arrazola eta Manu Araolazarekin batera egindako tesi doktoralagatik sarituak izan ziren.

Basasorok, Garaiok zein Andres Urrutia euskaltzainburuak UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak antolatutako sariketa euskarazko tesiak sustatzeko «funtsezkoa» dela iritzi dute. «Duela 16 urte egin zen lehen sariketa eta, datuek adierazten duten bezala egonkortuz doa ekimena», hausnartzen du Urrutiak. Zehazki, 2020/21 ikasturtean, 25 izan ziren euskaraz eginiko doktorego-tesiak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 2021/22 ikasturtean, aldiz, 61. Hala, poliki-poliki tesia euskaraz egitea gero eta ohikoagoa dela uste du euskaltzainburuak, nahiz eta oraindik bidea egiteko dagoen. «Beste hizkuntzengandik urruti gaude oraindik, baina kopuruan aurrera goaz». Eta horregatik «hautua» egiten duten ikasle eta graduondoei egindako lana aitortzean aldeko apustua egiten jarraituko dutela aurreratu du eta «ahal den heinean tesiak argitaratzea» dela asmoa. Gainera, Urrutiaren aburuz gero eta tesi gehiago ondu euskaraz «normalago» ikusiko dute ikasleek hautua egitea eta errazagoa izango da atzetik datozenek bidea jarraitzea. «Normaltasunaren bidean norabideratuta gaude», adierazi du baikor.

«Gero eta normalago ikusten dute ikasleek tesia euskaraz egiteko hautua»

Andres Urrutia

Euskaltzainburua

Bi ikertzaileentzat 2.000 euroko saria ikerketarekin aurrera jarraitzeko modua da, nahiz eta lehen pausua argitalpen modura aurkeztea izango den. Hori bai, «baliabide gehiago» aldarrikatzen ditu Basasorok ikertzaileak «ikerketa euskaraz egitera animatzeko» eta «horren aldeko apustu kolektiboa» proposatu du. Ados da Garaio. Bere kasuan saria «tesiarekin bakeak egiteko» modua izan zen prozesu gogor baten ostean. Eta argi du bere kasua ez dela bakarra. «Doktoregaien arloan errealitate bat da. Tesia oso bakartia eta prekarioa da, une txarrak igarotzen dira eta etorkizunari begira zalantza asko daude». Hala, emaitzarekin gustura geratzeaz gain aitortzak «hautematea aldatzen» lagundu dio. «Lanak zerbaitetarako balio izan zuela ikusten duzu, kalitate handiko zerbait egiteko gai zarela, gizarteari ekarpen bat egiteko gai». Eta, gainera, komunitate zientifikoari ekarpena» egiteko modu bat, «euskaratik eta euskaraz zer esan badugula» erakusteko modua, Basasorok gehitu bezala. Gainera, era horretara, atzetik datozenek errazago izango dutela uste du. «Urratsak egitea garrantzitsua da», gogoetatu du.

Muga edo oztopoak ez dira soilik bidean aurkitzen, ikertzaileek nabarmendu bezala. «Tesia edo argitalpen bat egin ostean hurrengo zeregina publikatzea izaten da eta hor euskaraz publikatzeko ez daukagu hain aukera zabala. Askotan behartuta egoten gera gaztelaniazko edo ingelesezko aldizkarietara jotzera», dio Basasorok. Egoera berdinean dago Garaio, hurrengo hiletan tesia laburtu eta beste hizkuntzatara artikulu moduan itzuliko baitu «beste komunitate batzuekin partekatzeko». Izan ere, une batean nazioarteko tesia egiteko aukera izan zuen mahai-gainean, hau da, «zati txiki bat ingelesez eginda» tartean Zeelanda Berrian maoriekin egonaldiarekin. Baina Covid-19ak dena bertan behera utzi zuen eta orduan «guztiz euskaraz» egitearen aldeko apustua egin zuen. «Oso modu naturalean izan zen».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskarazko tesiak hauspotu ditu Koldo Mitxelena sariak

Euskarazko tesiak hauspotu ditu Koldo Mitxelena sariak