'Hegoak zabalduz', euskarazko materiala garapenari buruz hausnartzeko

Xabier Gaintza eta Irati Labaien, Hegoak Zabalduz aldizkariaren zuzendariak./MITXI UPV/EHU
Xabier Gaintza eta Irati Labaien, Hegoak Zabalduz aldizkariaren zuzendariak. / MITXI UPV/EHU

UPV/EHUko Hegoa Institutua ari da plazaratzen bilduma, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, unibertsitatean eta batxilergoan erabilia izan dadin

'(Garapena eta Hezkuntza) + Euskara = Hegoak Zabalduz' batuketa modukoarekin laburbildu du ohar baten bidez Euskal Herriko Unibertsitateko Hegoa Institutua plazaratzen ari den 'Hegoak Zabalduz' bilduma.

Euskal Herriko gazteen artean une nahasiotan bereziki garrantzitsua izan daitekeen «hausnartzeko sena piztea» du xede bildumak, batik bat lankidetza eta garapenari buruzko gaiak lantzen dituelarik. Unibertsitateko eta batxilergoko ikasleei zuzenduta dagoen ekimena, esan bezala, UPV/EHUko Hegoa Institutuak bultzatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzaz. Bilduma Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Irati Labaienek eta Xabier Gainzak bideratzen dute.

Orain arte, bederatzi ale digital argitaratu dituzte, non gaur egungo gaiak aztertzen dituzten, hala nola ingurugiroa, errefuxiatuen krisia, generoa edota desberdintasunen areagotzea. «Horrekin batera, betidanik erabiltzen den hego-ipar banaketa ere kolokan jarri nahi dugu, garapena herrialde ororen ardura dela aldarrikatuz», azaldu du Irati Labaienek, Hegoak Zabalduz argitalpenaren zuzendariak.

Dibulgazioa eta garapena ardatz hartuta, nazioartean sortutako erronkak eta arazoak jorratzen dituzte bildumaren bederatzi aletan. Horrela, hainbat ikertzailek eta irakaslek gogoeta eragin nahi die unibertsitateko zein batxilergoko ikasleei. Labaienek dioenez, «Euskal Herriko gazteengan hausnarketarako sena piztea: horixe da, hain zuzen ere, Hegoak Zabalduz argitalpenaren nahia: unibertsitate mailan dauden ikasleentzat ez ezik, erdi mailako zikloetako nahiz batxilergoko ikasleentzat ere gai horien inguruko materiala eskuragarri jartzea, euskaraz».

Hegoa Euskal Herriko Unibertsitatearen eta 1987an sortutako Hegoa elkartearen arteko institutu mistoa da. Koldo Uncetaren atzetik, Pedro Ibarra eta Luis Guridi izan ziren zuzendari, eta gaur egun Karlos Pérez de Armiñok betetzen du kargu hori. 31 urte hauetan, garapenarekin eta lankidetzarekin lotutako arloetan prestakuntza eman, ikertu eta aholkatu du, eta Dokumentazio Zentro bat dauka, nazioarteko lankidetzaren eta garapenaren esparruan ezinbesteko erreferente dena.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos