Borrar
'Mingaina dantzan' dinamikaren fase berria hasi dute Irekia
Euskararen erabilera sustatu esperientzia positiboen bidez

Euskararen erabilera sustatu esperientzia positiboen bidez

Bi urteko lanaren ostean, pauso berri bat eman da 'Mingaina dantzan' dinamikaren fase berria abiatzeko: ikasitakoa aplikatzen ari dira Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran antolatutako udalekuetan

DV

Donostia

Lunes, 15 de julio 2019, 13:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Euskara haur eta gazteen artean sustatzeko 'Mingaina dantzan' dinamikaren fase berri bat abiatu dute Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak. Proiektuaren bidez, 2017ko eta 2018ko udatan erabilera sustatzeko estrategia eraginkorrak garatu ziren, eta orain, ikasitakoa aplikatzen ari dira Zarautzen, Hondarribian, Orion eta Seguran antolatutako udalekuetan.

Horrela, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'Mingaina dantzan' proiektuaren fase berria aurkeztu du astelehen honetan, Donostian. Ikerketa soziolinguistikoan oinarritutako proiektu honen bitartez, bi urtez euskara bultzatzeko estrategien eraginkortasuna aztertu da haur eta gazteen udalekuetan, ondorio eta irakaspen zehatzak ateraz. Orain, uda honetan lehenengoz, ikasitakoa aplikatzen hasi dira lurraldeko udalekuetan.

Proiektuaren fase berria Jaurlaritzako Donostiako egoitzan aurkeztu da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jaurlaritzaren aldetik, eta Maria Jose Telleria Kultura zuzendaria eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Gipuzkoako Aldundiaren izenean. Haiekin batera izan da Iñaki Eizmendi ikerketa soziolinguistikoa egin duen Ebete enpresako arduraduna.

Zupiriak dinamika berriaren nondik norakoak azaldu ditu: «Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak; hala ere, kontuan hartuta ezagutza oso altua dela beren artean, hobetzeko tarterik badago oraindik ere. 'Mingaina dantzan' proiektuaren bidez aztertu nahi izan dugu zeintzuk diren euskara haur eta gazteen artean sustatzeko estrategiarik eraginkorrenak. Bi urtez azterlan soziolinguistiko bat garatu zen Mundakan eta Berrizen antolatutako udaleku batzuetan. Eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, ikasitakoa aplikatu eta hedatu nahi dugu hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz«.

Ildo horretan, Dobaranek adierazi duenez, aurreko bi urteetako bide emankorrari helduz, beste urrats bat eman nahi izan da, garatutako estrategiak ohiko udalekuetan txertatuz eta aztertutako estrategiak hedatuz.

«Orain arteko esperientzia egoera baldintzatuetan egin da: egoera soziolinguistikoa edo etxeko hizkuntza kontuan hartu dira. Alabaina, irizpide horiek ezin dira orokortu: ezin dira EAEn udaleku gehienak horrelako irizpideekin antolatu. Aldiz, ohiko udalekuetan estrategiak ondo aplikatzea behar-beharrezkoa da, askotan euskararen erabilera bultzatzea baita udalekuen helburuetako bat», azpimarratu du.

Eremu euskaldunetako gazteen presentzia

'Mingaina dantzan' abian jarri zen urtean, 2017an, gaztetxoen eremu soziolinguistikoak kontuan hartu ziren taldea osatzeko orduan. Txanda bakar bat egin zen, Mundakan, eta han bildu ziren Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernikako haur eta gazteak. Erabilera altua izan zela ondorioztatu zen, eremu euskaldunetako gazteen presentziak era nabarmenean sustatu baitzuen euskararen erabilera.

Gaztelania nagusi den eremuetako gazteek esan zuten inoiz baino euskara gehiago hitz egin zutela udalekuan igaro zituzten egunetan, eta, egin zen azterketaren arabera, euskararen erabilera %75aren bueltan kokatu zen.

Bigarren urtean bi txanda egin ziren, biak Berrizen antolatutako udaleku batean. Lehen txandan eremu soziolinguistikoak kontuan hartuta osatu zen taldea, eta bigarrenean, berriz, etxeko hizkuntza kontuan hartuta. Euskararen erabilera handiagoa izan zen lehenengo txandan, baina, pertzepzioei dagokionez, bigarren txandako emaitzak hobeak izan ziren: parte hartzaileen gehiengo batek inoiz baino euskara gehiago erabili zuela aitortu zuen.

«Emaitza interesgarriak»

Azkenik, bi urteko lanaren ostean, eta azterlan soziolinguistikoak ateratako ondorioei jarraiki, aurten pauso berri bat eman da ikasitakoa ohiko udalekuetara eramanez. Ohiko udalekuetan estrategiak txertatzeko ahalegin berezi bat egitea erabaki da, Ebete hizkuntza zerbitzuen aholkularitzaren bitartez pilotaje bat eginez.

Zarauzko udalekuaren kasuan, koordinatzaile eta hezitzaileekin lan saioak egin dira estrategiak programazioarekin lotzeko, laguntza eskaintzeko eta neurgailuak ere zehazteko. Are gehiago, txandetan zehar ere jarraipena eta aholkularitza eskainiko zaie.

Eizmendik azaldu du ez dela erraza Mundakan eta Berrizen ikasitakoa ohiko udalekuetan txertatzea, «lan mardula« eskatzen duelako eta »zailtasunak« aurkitzen direlako: »Esate baterako, astebeteko txandak izaten dira, eta laburregiak dira hizkuntza ohituretan eragiteko. Horrez gain, taldeak nahiko handiak dira eta, programazioetan jarduera asko daudenez, moldaketak egin behar dira hizkuntza estrategiei lekua egiteko«.

Hala ere, Ebete enpresako arduradunak uste du «emaitza interesgarriak» lortuko direla. «Helburuak, lehen urte honetan behintzat, ondorengo bi hauek dira: euskararen erabilera indartzea -ohi baino gehiago erabili dutelako sentsazioa eduki dezaten nahi genuke- eta euskara bizipen positiboekin lotzea«, adierazi du.

Azken bi urteotan landutako estrategiak eta aurtengo udalekuetan txertatu direnak gida batean jaso dira. Liburuxka hori edozeinen esku jarriko da eta ahalegin berezi bat egingo da udalekuak antolatzen dituzten erakunde eta elkarte guztiek ezagutu eta erabil dezaten. Gida prest dago eta edozeinen eskura, baina aurtengo udalekuetan egindako lanketaren ondorioak ateratakoan liburuxkaren zabalkundea egingo da. Horrela, hiru urte hauetako lanketan ikertutakoa eta ikasitakoa denon eskura egongo da, zehaztuz zeintzuk diren estrategiarik eraginkorrenak euskara haur eta gazteen artean sustatzeko, bai eta zer hartu kontuan horiek behar bezala erabiltzeko.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios