Euskararen atlasaren erronka: herri jakinduria nola azaleratu

Bilboko Euskal Museoan egin dute biltzarra/Euskaltzaindia
Bilboko Euskal Museoan egin dute biltzarra / Euskaltzaindia

Besteak beste, II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarraren lehen jardunaldian atlas lingüistiko desberdinen onurak agertu dira; bigarrean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko da

DVDonostia

Euskaltzaindiak II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra du Bilbon, eta bosgarren jardunaldia, ehungarren urteurreneko ospakizunei ekin zionetik. Ostiralean, hilak 15, itxiko dute, bigarren saioarekin; besteak beste, Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko da jendaurrean.

Eguneko ponentzia garrantzitsuenek euskararen atlasgintzari heldu diote. Adolfo Arejita euskaltzaina «atzera-aurrerako soa» egin dio Euskararen Herri Hizkeren Atlasari, egitasmoaren zuzendari den aldetik. Orain arte egindako bidean zedarri izan diren pausoak azaldu ostean, egiteke leudekeenak edo osagarri izango liratekeen lanak aipatu ditu, teknologia berriek ahalbidetzen dituzten aukerak kontuan hartuta. Esate baterako, «lehen bildu ez diren eremu semantikoetan askoz material gehiago bildu daiteke». Gainera, hurrengo ildoak «Euskaltzaindiak dituen premien arabera» markatu beharko liratekeela argudiatu du: «Ahozkotasuna behar bezala eta modu sistematikoz osatuta ez badago, horri heldu beharko dio».

Bai Adolfo Arejitak, bai Xarles Videgain euskaltzainak ere, Atlasak bere barruan ezkutaturik daukan altxorra balioetsi nahi izan dute: «Etnotestuak, ipuinak, pasadizoak nahiz legendak, herri jakinduria batzen duen material ugari dago audio gisa grabatuta dauden 4.000 orduetan». Halaber, lexiko hitzen soiltasun horretatik harago, «esaldiaren modu landu eta sistematikoagoan» gizarteratzeko beharraz mintzatu dira.

Era berean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak teknika berriak merezi dituela azpimarratu du, hain zuzen, atlasaren arduradun teknikoak, Videgainek. Hala nola, mapak beste hainbat moldetan erakusteko aukera, soinuak edo hotsak ere mapetan agertu ahal izatea eta argitalpen politika berri bat lantzea, dialektologiako ikerketak gaika edota herrika landu ahal izateko. Azkenik, alor berdintsuetan dihardutenekin harreman intelektualak hedatzeko aldarrikapena egin du.

Jardunaldian parte hartu dute, baita ere, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura Saileko foru diputatuak, Andres Urritia Euskaltzaindiako buruak eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza saileko zinegotziak.

Temas

Euskera