Euskararen alde gizarte-eragileek Albaolan ezarritako konpromisoak berretsi dituzte Bastidan

Euskararen normalizazioan aurrerapauso berriak emateko konpromisoa berretsi dute /AEK
Euskararen normalizazioan aurrerapauso berriak emateko konpromisoa berretsi dute / AEK

Bastidan hainbat arlotako 50 gizarte-eragile inguruk, AEK-k eta Korrikak sustatuta, bat egin dute 'Aro berriari, klika' arloz arloko konpromiso-bilduma rekin. «Esanetatik konpromisoetara jauzi egitea» aldarrikatu dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Euskararen normalizazioa azkartzeko konpromisoak jendaurrean berrestu dituzte Bastidan hainbat arlotako 50 gizarte-eragile inguruk, AEK-k eta Korrikak sustatuta, ekimenaren ekuatorean. 'Aro berriari, klika' ekimenarekin bat egitean, «esanetatik konpromisoetara jauzi egitea» aldarrikatu dute sustatzaileek.

Santiago Zubiko kilometroan hasitako dinamikaren hurrengo urratsa eman dute horrela Bastidan, 21. edizio honetako 1252 kilometroan. Aurreko martxoaren 23an Pasaiako Albaola museoan hasitako 'Aro berriari Klika' izeneko dinamikaren jarraipena izan da. Egun horretan, euskararen normalizazioa azkartzeko konpromiso zehatzak hartu zituzten 30 gizarte-eragilek, eta gaurko ekitaldian beste 18 eragile batu zaizkie; besteak beste, Nafarroako Gobernua, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritza.

'Aro berriari, klika' ekimena arloz arloko konpromiso-bilduma bat da, euskararen normalizazioan aurrerapauso berriak emateko. Uste dute «normalizazioa ez dela etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta».

Ane Pedruzo kazetariak gidatutako ekitaldian, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrika arduradunak adierazi dute euskalgintzak elkarlan-esparru berriak zabaldu dituela. Gainera, Euskaraldian izandako parte-hartzea ere nabarmendu dute, nahiz eta argi daukaten hori ez dela nahikoa, beharrezko transbertsalitate hori nabarmenduz.

Hori dela-eta, norbanakoen konpromisoez gain, konpromiso kolektiboen beharra aldarrikatu dute. «Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko».

Ekitaldia eta gero, bertaratutako eragile guztiek ekin diote 1252 kilometroa batera egiteari. Korrikaren ekuatorea igarota, Nafarroa eta Iparraldeko herrialdeetatik pasa da dagoeneko lasterketa, eta Arabatik jarraituko du Bizkairako bidea, lehendabizikoz edizio honetan.

Apirilaren 14an amaituko da Gasteizen, eta egun horretarako jai berezia antolatzen ari da AEK.

Irakurri gehiago

Temas

Euskera