Euskaraldiaren emaitzak eta eraginak aletuko ditu Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak

Tolosan egingo da, urriaren 9an, jardunaldia/Jose Usoz
Tolosan egingo da, urriaren 9an, jardunaldia / Jose Usoz

Egitarau osoa eta izena emateko aukera irailean zabalduko dira. Emaitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak ateratzea izango dute helburu

DVDonostia

'Euskaraldia aztergai' izenburupean, Euskaraldiaren emaitzak eta eraginak aztertuko ditu aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak. Tolosan egingo dira, urriaren 9an, goiz eta arratsaldez. Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean antolatuko dute ESJren 2019ko edizioa.

Egitarauan tokia izango da Euskaraldiaren aspektu ezberdinei buruz egin diren beste ikerketa batzuk ezagutzeko, argitaratutako emaitzetatik aurrera begirako ikasgaiak elkarrekin lantzeko eta zenbait adituk egiten duten irakurketa entzuteko.

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa bat egin du Euskaraldiaren inguruan; teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliaz ikertu da parte-hartzaileen hizkuntza-ohituretan izandako eragina, hauen bizipenak, antolakuntzarekin lotutako iritziak eta beste hainbat elementu. Irailean kaleratuko dira ikerketaren emaitzak eta urriaren 9ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia horietan sakontzeko eta interpretatzeko aukera izango da, besteak beste.

Euskaraldia euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan da. Milaka herritarrek zuzenean parte hartu dute hizkuntza-ohituretan eragiteko ariketa sozial erraldoian. Gainera, hamarnaka erakunde, elkarte, entitate eta batzorderen arteko elkarlanari esker izan zen posible ekimena.

Emaitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak ateratzea helburu hartuta, soziolinguistikan diharduten ikerlari eta teknikariei, erakunde publikoetako arduradun eta langileei, euskalgintzako dinamizatzaile eta aktibistei zein euskaltzale eta herritar orori zabalik dago Jardunaldian parte hartzeko gonbidapena. Egitarau osoa eta izena emateko aukera irailean zabalduko dira.

Temas

Euskera