Euskaraldia prestatzen ari direnen lana goraipatu du EUDELek

Hamarreko hamailakoa osatu du asteazken honetan Bilbon EUDELen Batzorde Eragileak./EUDEL
Hamarreko hamailakoa osatu du asteazken honetan Bilbon EUDELen Batzorde Eragileak. / EUDEL

Ekimenarekiko babesa berresteaz gain, herritarrak parte hartzera animatu dituzte alkateek, eta proposatu dute «dinamika hau urteko 365 egunetara zabaltzea»

EUDELen Batzorde Eragilearen bilera egin da asteazken honetan Bilbon, eta Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direnez, Euskadiko udalerrien ordezkari diren alkateek Euskaraldiarekiko babesa agertu nahi izan dute berriz ere. Era berean, dinamika hori bultzatzeko, «udalerrietan tokiko errealitateak aintzat hartuta lanean ari diren eragile guztien konpromisoa eta lana« eskertu nahi izan dituzte.

EUDELen iritziz, Euskaraldiaren gauzarik baliotsuena, hain zuzen, hauxe da: «Ekimenaren izaera parte-hartzaile eta laguntzailea, herritar guztiak, hau da, gizarte osoa, protagonistak izan daitezen lortzea. Egindako lana eskertu, eta, orobat, goraipatu nahi du EUDELen Batzorde Eragileak, udalek eta herrietan sortu diren euskara-batzordeek elkarlanean egindako lana dela-eta; era berean, inplikatu diren eragile guztiei ere eman nahi dizkie eskerrak: herritar anonimoei, euskalgintzako eragileei (euskara elkarteak, euskaltegiak, etab.), mota guztietako talde eta elkarteei (kultur arlokoak, kirol arlokoak, aisialdikoak, etab.) eta erakunde publiko zein pribatuei.

Imanol Landa elkarteburuak azpimarratu duenez, «udalerrietan arnasten da euskara, gure herriaren identitatea, eta pertsonak dira horren iturri nagusiak. Horrenbestez, EUDELek eta Udalak, Euskaraldiaren sustatzaile garen aldetik, funtsezko zeregina dugu, batasunaren eta adostasunaren eredu den dinamika honi jarraitutasuna emateko urteko 365 egunetan, udalerrietan euskararen erabilera modu eraginkorrean haz dadin. Euskaraldiaren xede nagusietako bat da euskara jakin edo ulertu bai baina hitz egiten ez duten pertsonak hitz egitera animatzea, alegia, aktibatzea. Horren aldeko urrats bat gehiago eman dugulakoan gaude».

Gutxi barru aurkeztuko den 'Abenduak 3 – Euskararen Nazioarteko Eguna' adierazpenari atxikitzea adostu du halaber Eudelek

Bestalde, Aitor Aldasoro Beasaingo alkate eta Batzorde Eragileko Euskara ordezkariak adierazi duenez, «Euskal Herriko udalerrietan bide luzea egin dugu, baina oraindik asko dugu egiteko. Kalean euskara zein gaztelania entzuten dira, herriaren ezaugarri soziolinguistikoen arabera, baina euskaraz ez dira aritzen hizkuntza horretan mintza daitezkeen guztiak; horrenbestez, zaindu eta indartu egin behar dugu euskararen erabilera. Hobetzeko dauden arlo askotan, aurrera egiten jarraitzeko beharra dago: lana, merkataritza, euskarazko sorkuntza, euskarazko kultur produktuen kontsumoa, etab. Modu asko daude gure hizkuntza indartzeko, adibidez Ahobiziak sendotuz eta Belarriprestak aktibatuz; horixe da, hain zuzen ere, Euskaraldiaren helburua».

EUDELen Batzorde Eragileak, halaber, 'Abenduak 3 – Euskararen Nazioarteko Eguna' adierazpenari atxikitzea adostu du, baita berori Euskadiko udalei igortzea ere. Adierazpen hori HAKOBAk idatzi du, eta jendaurrean aurkeztuko da gutxi barru.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos