Euskara maila egiaztatzeko azterketak egingo dituzte 62 lagunek Madril, Bartzelona eta Buenos Airesen

Guztira, 62 pertsonak egingo dituzte azterketak; 36k Madrilen, 4k Bartzelonan eta 22k Buenos Airesen/J. M. Lopez
Guztira, 62 pertsonak egingo dituzte azterketak; 36k Madrilen, 4k Bartzelonan eta 22k Buenos Airesen / J. M. Lopez

2010ean Euskara Munduan programa sortu zenetik, urtero egin izan dira azterketa horiek euskararen eremutik kanpo, HABEren gidaritzapean. Programa sortu zenetik, 170 ziurtagiri eman dira euskararen eremutik kanpo

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean zedarritutako B1, B2 eta C1 euskara mailak egiaztatuko dituzte asteburuan, euskararen eremutik kanpoko Euskal Etxeetan, eta horrela, euskara maila egiaztatzeko azterketak egingo dira Bartzelona, Buenos Aires eta Madrilen. Guztira, 62 pertsonak egingo dituzte; 36k Madrilen, 4k Bartzelonan eta 22k Buenos Airesen.

Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, 2010ean Euskara Munduan programa sortu zenetik, urtero egin izan dira azterketa horiek euskararen eremutik kanpo, HABEren gidaritzapean. Euskara Munduan programa Etxepareren kudeaketa esparrua igaro zen 2018an, eta, geroztik, institutua da Ezohiko Deialdi izeneko proba hauek antolatzearen arduraduna, HABEren deialdi eta azterketa ereduak erabiliz.

Etxepare Euskal Institutuak iaz egin zuen lehen aldiz azterketa honen ezohiko deialdiaren kudeaketa Euskal Etxeetan. 2018an, Madrilen eta Bartzelonan egindako azterketetan 40 titulu eman ziren guztira. Euskara Munduan programa 2010. urtean sortu zenetik, iazko azken deialdira bitarte, 170 ziurtagiri eman dira guztira euskararen eremutik kanpo.

Madril eta Bartzelona izan ohi dira deialdi bakoitzean euskararen eremutik kanpo azterketa egiteko leku finkoak. Horiez gain, espainiar estatutik kanpoko leku ezberdin bat hautatu ohi da urtero azterketa egiteko, izen-emate kopuruak hala eskatzen badu. Aurtengo kasuan, Buenos Aires Argentinako hiriburua izan da leku hautatua, eta bertan nazioarteko edozein euskara ikaslek izan du izena emateko aukera.

Euskararen eremutik kanpo egingo den lehen azterketa Madrilgoa izango da, larunbat honetan, maiatzaren 11n. Bertan, guztira, 36 ikaslek eman dute izena: B1eko hamarrek, B2ko zazpik eta C1eko hemeretzik. Hurrengo azterketa Bartzelonakoa izango da, maiatzaren 18an, eta C1 mailako lau ikaslek eman dute izena. Amaitzeko, Buenos Airesko azterketa uztailaren 27an izango da, eta 22 ikaslek eman dute izena: B1eko hamarrek eta B2ko hamabik. Kasu guztietan, azterketaren ereduak Euskal Herrian egiten diren azterketa eredu berberak izango dira, eduki eta zailtasun mailan.

Temas

Euskera