'Euskara, gure lurra' lelopean egingo da Udalerri Euskaldunen Eguna

Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenaren argazkia./UEMA
Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenaren argazkia. / UEMA

Diman egingo da, maiatzaren 26an, eta egun horretan Arantzazu eta Bakio bilduko dira UEMAra

Maiatzaren 26an, beste bi udalerri euskaldun bilduko dira UEMAra: Arantzazu eta Bakio. Egun horretan egingo da hain zuzen Diman Udalerri Euskaldunen Eguna, 'Euskara, gure lurra' lelopean. Izan ere, udal berriak batuta, 87 udal biltzen ditue 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek.

UEMAk ohar baten bidez azaldu duenez, «bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunek egindako lana festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. UEMAko kide diren udalerriek ez ezik, gainerako udalerri euskaldunek ere hartzen dute parte. Aurten, Dimako Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Dimako hainbat elkarte, eta baita Arratiako udal gehiago ere».

Eragile horien guztien artean, «festa, hausnarketa eta aldarrikapena» uztartzea ahalbidetuko duen egitarau zabala prestatu dute. «Euskararen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea» izanik Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat, festa giroko ekitaldiez gain izaten da ekitaldi instituzionalik ere.

Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Dimako eskolan, eta eguerdian, berriz, ekitaldi insituzionala izango da herriko plazan. Bertan udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza izango da ekitaldian.

Gazteek izango dute aurtengoan protagonismo berezia. Maiatzaren 25ean, jaiaren bezperan, udalerri euskaldunetako gazteen topaketan parte hartu zutenei harrera egingo zaie Dimako udaletxean. Asteburuan zehar beraien herrietako esperientziak partekatzeko aukera izango dute, eta gazteentzat berariaz prestatutako mintegia ere izango da.

Temas

Euskera