Euskara eta euskal kultura atzerrian irakasteko formakuntza saioak
Urriaren 6tik azaroaren 25era bitartean izango dira Etxeparek eta UPV/EHUk antolatuta
J. Agirre
Ostirala, 11 abuztua 2023, 15:59
Euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzari begira formakuntza saioak antolatuko dituzte 2023ko urriaren 6tik azaroaren 25era Etxepare Euskal Institutuak eta UPV/EHUk. Ikastaroa ostiraletan eta larunbatetan eskainiko da Donostiako Campuseko Elbira Zipitria eraikinean 'Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa' izenpean.
Zazpi asteko iraupena izango du ikastaroak, bi multzotan sailkatuta, eta 19 adituk gidatuko dituzte jakintza arlo desberdinetako saioak. Lehenengo multzoak hizkuntza izango du ardatz. Saio horietan hizkuntza ikasteko jarrera, motibazio, gidalerro eta proposamen praktikoak irakatsiko dituzte Ibon Manterola UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ikertzaile eta irakasleak, Cecilia Fernandez Gogo Elebiduna ikertaldeko kideak eta Kinku Zinkunegi Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren arduradunak, besteak beste.
Bestalde, bigarren multzoak kultura izango du gai nagusi: euskal literatura, tradizioak, iruditeria eta pentsamendua transmititzen ikasteko metodologiak eta irizpideak emango dituzte Mari Jose Olaziregik - UPV/ EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakaslea -, Ismael Manterolak - UPV/ EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa eta Artearen Historian doktorea -, eta Haritz Azurmendik -Gizarte Zientzietan doktorea eta Jakin aldizkariko kazetaria -, beste hainbat adituen artean. Gainera, atzerriko unibertsitatetan irakurleak izan direnen esperientziatik abiatuta, proiektu pedagogikoen prestaketa eta irakurle izateko lehen urratsak landuko dira.
Hamargarren edizio honetan metodologia, tresna eta baliabide didaktikoak landuko dira euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan aplikatzeko, eta Euskal Ikasketekin lotutako nazioarteko ingurune akademikoei buruzko ikuspegi zabala eta pluridiziplinarraren inguruan hausnartuko da. Ikasleei euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko oinarri sendoa emateko, Euskal Ikasketen didaktika hainbat ikuspegitatik aztertuko dira: hizkuntzalaritza, gramatika, metodologia, kultura eta zibilizazioa.
Atzerrian edota eremu eleanitzetan euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan jarduten duten irakurleei, Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako tituludunei eta graduko azken urteko ikasleei dago bideratuta ikastaroa. Puntako aditu eta eskarmentu handiko irakasleen eskutik, askotariko diziplinak jorratuko dituzten saioetan antolatuta egongo da ikastaroa.
Ikastaroa amaitzen duten ikasleek UPV/EHUren ziurtagiri ofiziala jasoko dute.