Euskara eta aniztasuna ardatz, Durangon egingo dira V. Jardunaldi Feministak udazkenean

Euskara eta aniztasuna ardatz, Durangon egingo dira V. Jardunaldi Feministak udazkenean

Azaroaren 1etik 3ra, 'Salda badago' lelopean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken topaketak egingo ditu, azkenekoz egin zituenetik 11 urte igaro ondoren

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskal Herriko mugimendu feminista bateratu, saretu eta mugimenduaren ildo estrategiko nagusiak eztabaidatzeko, jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon, Bizkaian.

Mugimendu Feministak, «kolektibo anitzen batura moduan, barne nahiz kanpo komunikazioan erabiliko duen hizkuntzen kudeaketa kontzientea» egin nahi du Euskal Herriko Jardunaldi Feministei begira. Horretarako, kudeaketa linguistikorako marko eta tresna erabilgarriak adostuko dituzte jardunaldiotan.

Horregatik, euskara naiz Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aldarrikatuko dute, «hizkuntza, auzi kolektiboa eta politikoa» dela uste duten heinean, esperientziak partekatu eta praktika berriak sortu nahi dituzte, hizkuntza txikiei tokia egin eta euskaratik munduari begiratzeko perspektiba eskaintzeko Jardunaldi Feministetan.

Halaber, lan egingo dute egungo testuinguruak feminista eta emakumeei «eskaintzen dizkigun aukerak eta oztopoak identifikatzeko, iazko zein aurtengo martxoaren zortziko greba feministaren uholdearen ezaugarriak eta ondorea partekatzeko, eta MFaren antolaketa ereduaren eta militantzia feministaren inguruko diagnostikoa egin eta aurrera urratsak identifikatzeko», jakinarazi dute.

Indarkeriarik gabeko gizarte batera nola hurbildu, lurraldetasuna, lurra eta ondare linguistiko zein kulturalaren gaineko hausnarketak eta estrategiak partekatu, begirada dekoloniala landu eta txertatu, eta eskubide sexual zein sexualitate anitzak jorratuko dituzte, beteak beste, mahai-inguru eta ponentzia, tailer eta eztabaida, asanblada parte hartzaile eta proposamen kultural-artistikoen bidez.

Lehenengo Jardunaldi Feministak 1977ko abenduan izan ziren Leioan, eta 3000 emakume bertaratu ziren. Azkenak duela hamar urte egin zituzten, 2008an Portugaleteko Nautika Eskolan.

Webgunea prestatu dute berriak zabalduz joateko azarora bitartean, eta hurrengo manifestua partekatu dute, besteak beste.

«Su motelean luze irakin dugun iraultza gara, salda gara. Hamaika osagai eta mila zaporekoa. Ez dago errezeta bakarra. Orotarikoak gara, anitzak, zahar bezain berriak, handik eta hemendik datozenak, doazenak; eta badakigu nahasita sendotu egiten garela. Ezagunak eta ezezagunak, guztiak ondo etorriak, kikaraz kikara lapikoak gainezka egin arte. Bertan daude belaunaldiz belaunaldi partekatutako beroa, iraultza, borroka. Garai bakoitzak bere beharrak, bere lehentasunak, bere gatza eta bere piperra. Izan ere, sukalde-lanean aspaldi ari gara tokatu zaigun honetarako ere.

Mugimendua gara, antolatuta gaude, saldan bagaude. Badakigu zer den amorruz irakitea, eta baita salda beroz elkar-osatzea ere. Badakigu albokoa gozatzen baina baita erasotzailea erretzen ere. Matxismoa, faxismoa, arrazakeria, kapitalismoa, lesbofobia, transfobia… hil eta gero, salda bero!

Lehengaiak baditugulako, salda badago. Mugimendua garelako, bizitza bizigarri egitera gatozelako, iraultzan garelako, indarkeriei eta zapalkuntzei planto egin diegulako. Feminismoan gara eta mugimendu feministan gaude, eta bai, badago zer edan. Bor-borka ari da aspaldian, eta gainezka egingo du azaroan.

Beraz, ekarri zurea eta egin topa, denontzako salda badago-eta!«

Temas

Euskera