Euskara, berdintasuna, desgaitasuna eta migrazioak hizpide EHUren Irrati Maratoian

2016ko maratoiko irudia, ekimenaren YouTubeko kanaletik hartua./
2016ko maratoiko irudia, ekimenaren YouTubeko kanaletik hartua.

Kazetaritza graduko 70 bat ikasle ariko dira bost orduz, 10:00etatik 15:00etara; aurreko bi edizioetan baino ikasle eta ordu gehiago, alegia

Euskal Herriko Unibertsitateko Bitartez ikerketa taldeak Irrati Maratoiaren hirugarren edizioa egingo du asteazken honetan, abenduaren 5ean, Kazetaritza graduko 70 bat ikasleren parte hartzearekin. Bost orduz, 10:00etatik 15:00etara, ikasleek genero berdintasuna, euskara, desgaitasuna eta migrazioaren inguruko gaiak jorratuko dituzte. Ekimena Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean izango da, Leioako campusean.

EHUk jakinarazi duenez, aurreko urteekin aldaratuta, aurtengo Irrati Maratoian ikasle eta ordu gehiago izango dira: ikasle kopurua 50etik 70era igo da, eta orduak hirutik bostera. Jorratuko diren gaien artean izango dira euskararen erabilera egunerokotasunean eta euskararen presentzia musikan, literaturan eta politikan, migratuen arazoak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna kirol munduan, lan munduan eta komunikabideetan, emakumearen parte hartzea politikan eta desgaitasuna.

Kazetaritzako ikasleek landuko dituzte irrati saioak. Gainera, ikasleak 20 bat gonbidaturekin harremanetan jarri dira eta egunean bertan parte hartuko dute maratoian. Halaber, beste gradu batzuetako ikasleek ere parte hartuko dute, eta Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek egunean zehar erabiliko diren iragarkiak sortuko dituzte. Maratoia Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati estudioetan izango da, eta posible izango da fakultateko auditoriumean, EHUtb katean eta Mikel Laboa plazan jarriko diren bozgorailuen bidez jarraitzea.

Euskara eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzako, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko, Kazetaritza II Saileko eta Publizitatea eta Ikus Entzunezko Komunikazioa Saileko diru laguntza jaso du Irrati Maratoiak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos