Borrar
Topaldiaren aurreko edizio bateko irudia A. A.
Euskaltzaleen mugimendua antolatzeko ereduei buruzko gogoeta izango da Topaldiaren ardatza

Euskaltzaleen mugimendua antolatzeko ereduei buruzko gogoeta izango da Topaldiaren ardatza

Alde batetik, euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du eta, bestetik, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du asmo

DV

Donostia

Lunes, 20 de enero 2020, 08:41

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

'Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?' izenburupean, Topaldia jardunaldiaren edizio berria otsailaren 6an izango da, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Bizkaia Aretoan, Bilbon, eta euskaltzaleen mugimenduaren antolakuntza ereduen inguruko gogoetak ardaztuko du. Jardunaldian izena emateko epea zabalik dago jada, eta ez da itxiko urtarrilaren 31ra arte edo aretoko edukiera bete arte.

Jardunaldiak helburu bikoitza izango du: alde batetik, euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du eta, bestetik, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du asmo.

Horretarako, Euskal Herriko hainbat esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da, protagonisten ahotik, zuzenean. Tokian tokiko hizkuntza komunitateetan funtzionatzen ari diren esperientziak mahairatuta, antolaketa eredu bakoitzak gizarte aktibaziorako dituen gakoak aletzea da Topaldiaren asmoa.

Antolatzaileek azaldu dutenez, euskara elkarteetan 1990eko hamarkadan sortu eta zabaldu ziren antolakuntza ereduetatik abiatuko da Topaldia, ohiko antolaketa ereduek oraindik orain betetzen dituzten funtzioak nabarmenduz. Aurrera egin ahala, ordea, jendarteak dakartzan aldaketetara moldatzeko asmoa duten eredu berriak plazaratuko dira. Izan ere, esperientzia horiek osatuko dute jardunaldiaren muina.

Zazpi esperientzia

Guztira, Euskal Herriko zazpi esperientzia bilduko dira Topaldian. Atarrabiako Karrikaluze elkartearen bilakaera eta etorkizuneko asmoakzabalduko dute jardunaldia. Jarraian, Tolosaldean eta Eibarren administrazioa, euskara elkarteak eta euskalgintza soziala elkarrekin bultzatzen ari diren gobernantza berrien ereduak mahairatuko dira.

Ondoren, Arabako Lautadan, Derion zein Donostian garatutako ereduek hartuko dute lekukoa, eta tokian tokiko komunitatearen beharrei eta testuinguru espezifikoei erantzuteko garatu dituzten ereduak elkarbanatuko dituzte.

Eredu berritzaileek irekitako ildoari helduta, eta jardunaldia borobiltzeko, berrikuntza sozialaren gaia ere landuko da, euskalgintza bezalako mugimendu sozialek eraldaketa horretan duten egitekoaren inguruko gogoeta zabalduz. Horretarako, berrikuntza sozialean aditu Igor Calzada doktorearen hitzaldia entzuteko parada izango da.

Horrekin batera, adibide zehatz baten berri ere emango da: Aiaraldeko Kooperatiba integrala. Azken esperientzia horren bidez, zeharkakotasunez eta eraldaketa sozialaren ikuspegitik, komunitatearen beharrak nola asetzen dituzten azalduko dute.

Azkenik, jardunaldia bukatzeko, esperientzien analisia egingo dute eta etorkizuneko aukerak aletuko dituzte Joxemi Zumalabe Fundazioko Andere Ormazabal eta Zesar Martinezek eta Mondragon Korporazioko Iñigo Iñurrategik.

Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesarekin eta Soziolinguistika klusterraren eta Euskal HerrikoUnibertsitatearen (EHU) laguntzarekin antolatuko da topaketa.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios