Euskaltzaindiaren lana Iparraldera eramateko hitzarmena sinatu dute

Ugalde, Etchegaray eta Urrutia/Euskaltzaindia
Ugalde, Etchegaray eta Urrutia / Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak lankidetza hitzarmena sinatu dute; Akademiaren mendeurreneko ospakizunen harira sortutako ikuskizunak ikusi ahalko dira hirian, besteak beste

DVDonostis

Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak 2019. urteko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, Baionan bertan. Akordioaren ondorioz, besteak beste, Akademiaren mendeurreneko ospakizunen harira sortutako ikuskizunak ikusi ahalko dira hirian: 'Mende berria kantuz' kontzertua, 'Ghero' antzezlana eta 'Biz'Hitza' dantza ikuskizuna.

Jean Rene Etchegaray Baionako auzapezak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu duten hitzarmenaren xedea da Baionako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea, bi erakundeek euskararen eta euskal kulturaren garapenerako dauzkaten helburuak elkarlanean burura ditzaten.

Yves Ugalde Kultura gaietarako Baionako auzapezordeak adierazi duenez, «sinboliko izatetik, Baionako Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza eraginkorra izatera pasa da. Horren adibide garbia da Baionako hiriko karrikak eta beste zenbait leku-izen egokitzeko Euskaltzaindiak ekartzen duen laguntza eta aholkularitza. Orain, lankidetza hau Ipar Euskal Herriko herri guztietara hedatu behar da».

Halaber, Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du hitzarmenak berretsi egiten dituela Euskaltzaindiak eta Baionako Herriko Etxeak euskararen sustapenerako hartu dituzten bideak eta lan ildoak«.

Bi aldeek urtero hartzen dituzten engaiamendu zehatzak urte hasieran finkatzen dituzte eta, 2019. urtekoari dagokionez, hauek dira izenpetutako ardurak eta zereginak: Euskaltzaindiaren Hiztegi Etimologikoaren eta 'Erlea' literatura aldizkariaren aurkezpenak, eta, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira sorturiko ikuskizunak hirian ikusgai izatea: 'Ghero' antzezlanaren emanaldiaren antolaketa, Michel Portal antzokian; 'Mende berria kantuz' abesbatza emanaldiaren antolaketa; 'Biz'Hitza' dantza emanaldiaren antolaketa.

Euskaltzaindiaren lana Iparraldera

Horrez gain, Euskaltzaindiak ohiko lanak hartuko ditu bere gain, besteak beste, Baionako Herriko Etxeari eta biztanleei laguntza eta aholku ematea, euskararen normalizazioan, garapenean eta gizarteratzean; Herriko Etxeak eskatzen dion hizkuntza aholkularitza, bereziki toponimoen grafia zuzena finkatzeko; euskararen estatusari buruzko aholkularitza eta lanak egitea, bereziki, jardunaldiak, bilkurak eta aurkezpenak, euskararen aurrerapenerako xedea aintzat harturik.

Bere aldetik, Baionako Herriko Etxeak zenbait konpromiso hartu ditu, hala nola Euskaltzaindiko Iparraldeko ordezkaritzari babesa ematen jarraitzea, Gaztelu Berriko egoitza Akademiaren esku utziz; Euskaltzaindiari noizbaiteko beharren arabera sostengu logistikoa, bere bilkuren edo ekitaldi berezien antolatzeko, euskararen eta euskal kulturaren inguruan Baionako Herriko Etxeak antolatzen dituen gertakarietan Euskaltzaindiaren presentzia agerian izan dadin.

Gainera, Euskaltzaindiak garatzen dituen jarduerak diruztatzeko, Baionako Udalak urtero ematen dion diru laguntza emango dio aurten ere, eta, beharrezkoa balitz, aitzinetik bi parteen artean zedarriztatuak izango diren proiektu berezituagoen laguntzeko ere.

Temas

Euskera