«Euskaltegiek erabileran eta ohituretan ere eragin behar dute»

90 adituk hartu dute parte UEUk eta HABEk antolatutako Topaketan. /UEU
90 adituk hartu dute parte UEUk eta HABEk antolatutako Topaketan. / UEU

Helduen euskalduntzean diharduten eragile denak elkartu dira aspaldiko partez, «egitekoa eta egin dezaketen ekarpena» elkarrekin aztertzeko

Urteak zeramatzaten elkartu gabe euskaltegiek eta, oro har, helduen alfabetatze eta euskalduntzearen inguruan diharduten erakunde eta eragileek. Zehazki, 16 urte, 2002 urtean egin baitzen azkeneko Helduen Euskalduntzearen Jardunaldia, bosgarrena, 1998an irekitako bidea itxi zuena.

Denbora dezente, sektoreak euskararen biziberritzean duen eragina eta garrantzia kontuan izanda. Azken bi egunotan Bilbon egin den Glotodidaktikako VI. Topaketarekin amaitu da etenaldia, eta dirudienez ez da berriz horren eten luzerik izango, topaketa bi urtetik behin egiteko erronka jarri baitio bere buruari UEUren Glotodidaktikako sailak. Sail horrek eta HABEk antolatu dute, hain zuzen, 'Helduen Euskalduntze Alfabetatzea aurrera begira' lelopean egin den topaketa.

90 adituk hartu dute parte bertan eta, Arkaitz Zarraga topaketaren koordinatzailearen esanetan «elkarlanerako abiapuntu bat izan da. Sektore handia gara eta denon ekarpenak beharrezkoak izan dira. Sektoretik kanpo dauden eragileekin ere elkarlana bilatu dugu: euskalgintzarekin, unibertsitateekin, plangintzetan ari direnekin… Lehen pauso bezala, izen eta sigla asko bildu ditugu topaketa honen baitan: HPS, Kontseilua, HABE, AEK, IKA, Gabriel Aresti, Udal Euskaltegiak,EHU, Deustuko Unibertsitatea, Begoñako Andramari Irakasle eskola, Azpeitiko Udal Patronatua, Elhuyar, Osakidetza…».

«Euskaltegien sektoreak herritarren aurrean itxura ahula ematen du. Prestigio eta baliabide falta dago»

«Euskararen erabileran eragiteko, ahozkotasuna gehiago lantzea ezinbestekoa da»

Zarragak, amaierako saioaren ostean, bi egunetan mahairatu diren denetariko ekarpen eta gogoetek argi utzi dutena berretsi du. «Azken topaketa egin zenetik, gauza asko aldatu dira helduen euskalduntze alfabetatze esparruan: ikasleen tipologia aldatu egin da, glotodidaktikaren inguruko hausnarketan aurrerapausoak gertatu dira, metodologia eta tresna berriak dauzkagu, zeregin berriak sortu dira eta, oro har, gure egitekoan erronka berriak agertu dira. Euskara Biziberritzeko prozesua bera ataka berrian dago», esan du.

Ataka horretan, «euskarari bultzada berri bat» eman behar zaion «une garrantzitsu» honetan, euskaltegiek «garai batean izan genuen erkargarritasuna berreskuratu behar dugu. Sarritan azterketen eta egiaztatze prozesuen morroi bihurtzen gara eta, behar bada, ez gara kapazak beste hainbat erronkari aurre egiteko».

Hainbat ondorio

Topaketa amaitutakoan zabaldu dituzten ondorioetan, oso presente daude azken 40 urteotako aldaketak: «Alfabetatzea praktikoki desagertu egin da, baina ikasle kopurutan antzera gabiltza: 30.000 bat ikasle zeuden orduan eta 35.000 inguru daude gaur egun. Ikasleen adinak gora egin du; etorkinen kopuruak ere bai».

Asier Zarragak, Topaketak hasi aurretik, adierazi zuen «egituraketatik hasi eta klaseko azken ariketara arte» hausnartu beharra dagoela. Egituraketaren aldetik, hain zuzen, arazoak ditu sektoreak. «Hezkuntzarekin alderatuta, arreba pobrea da, eta euskaltegi homologatuen inguruan ere kezka handia dago finantziazio sistemak ez duelako behar bezalako baldintza egokirik ahalbidetzen», ondorioztatu dute. Hortaz, «euskaltegiena herritarren aurrean itxura ahula ematen duen sektorea da. Prestigio eta baliabide falta dago».

Hori, aipatutako erakargarritasun faltarekin batera, bereziki kezkagarria izan daiteke, besteak beste, irakasleen bataz besteko adina, 47 urtekoa, kontuan hartuta: «Datozen urteetan irakasle asko jubilatuko dira, baina erreleboa ez dago ziurtatuta, finantziazio egonkorragoaren falta dela eta».

Ikasleak ere izan dituzte gogoan. Izan ere, «hizkuntza eskakizunak gainditzea da ikasleek duten helburu nagusia, baita diru-laguntzak jasotzeko modua ere. Horrek erabat baldintzatzen ditu irakasteko moduak, klaseko giroa eta dinamika». Hala ere, «euskaltegiak ez dira akademia hutsak, erabileran, jarreretan eta ohituretan ere eragin behar dute».

Euskararen biziberritze prozesuan eragin handia izan dute euskaltegiek eta, une honetan, ezagutzatik erabilerarako jauzia ematea ezinbestekoa denean, euskaltegiek ezin dute lehengoarekin jarraitu. «Ahozkotasuna lantzea beharrezkoa da, eta horretarako sortu edo erabili behar diren material egokiak izan behar dituzte», nabarmendu dute ondorioetan. Lan-munduko euskara plangintzen alorrera hurbildu beharra ere aipatu dute urritzak jo dituzten baliabideekin aurre egin behar dieten erronka ugarien artean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos