Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Euskalgintzako eragile nagusietako ordezkariak elkartu dira hilaren 21ean manifestazioa irtengo den tokian. morquecho
Euskalgintzaren erabateko atxikimendua jaso du 'Euskara aurrera' manifestazioak

Euskalgintzaren erabateko atxikimendua jaso du 'Euskara aurrera' manifestazioak

Gazte Euskaltzaleen Sareak deitutako manifestazioa Donostian egingo da, maiatzaren 21ean

n. azurmendi

Martes, 10 de mayo 2022, 17:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Sekulako harrera egin diote euskalgintzako eragile nagusiek Gazte Euskaltzaleen Sareak orain dela hilabete pasatxo -apirilaren 5ean, zehazki- deitu zuen 'Euskara aurrera' manifestazioari. Maiatzaren 21eko arratsaldeko 17:30ean irtengo den toki berean, Donostiako Antiguako tunelean, hainbat erakundetako ordezkariak bildu dira astearte honetan ekimenari sostengu betea adierazi eta euskaltzale guztiei manifestazioan parte hartzeko deia egiteko. «Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duzuen herritar guztiak» gonbidatu zituzten manifestaziora, alegia, apirileko aurkezpenean.

«Euskararen borrokan gazte ikuspegia txertatzeko eta belaunaldi oso bat borroka honetara batzeko helburuz» sortu den Sareak baliabide oso gutxirekin ekin zion manifestazioa antolatzeari, elkarlanerako deia zabalduz betiere, «'Euskara Aurrera'» aldarria guztiona delako eta manifestazioa guztiona izan dadin nahi dugulako«.

Eta askorena izango da, astearte honetako agerraldian Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbe eta Koldo Zarate (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirre (Jakin), Jon Abril (Elhuyar), Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrez (Bai Euskarari), Laida Begiristain (Maizpide euskaldegia), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarren (AEK) eta Joan Mari Larrarte (Elkar) egon baitira. UEMAk eta Jakinek ere atxikimendua adierazi diote ekimenari.

Joan Mari Larrartek irakurri duen testuak aurreko asteburuko bi ekitaldi ekarri ditu gogora: larunbatean Iruñean egin zen manifestazioa eta igandeko Herri Urrats. Batean eta bestean, «milaka euskaltzalek nahiz Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonek kaleak eta laku ertzak hartu ditugu, euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean egongo dela adieraziz».

Badago non saiatua, XXI. mendean euskarak «nahi baino zailtasun eta erronka gehiago» dituelako. «Euskararen aurkako epai juridikoak areagotu egin dira; egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko, ezagutzaren unibertsalizazioa egia bilakatzeko urrats erabakigarriak falta dira, eremu digitalean euskarak presentzia duina izan dezan neurri berriak behar dira», nabarmendu dute.

Dokumentuaren arabera, «gaurkoz ezin da esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik» eta, horrenbestez, gaur arte bezala «etorkizunean euskarak aurrera egingo badu milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da». «Kimu berririk eta argi izpirik» ere ikusten dute euskalgintzako eragileek, eta horietako bat da Gazte Euskaltzaleen Sarearen sorrera. «Bada, beraz, herri gogo eta energia nahikorik euskarak behar duen herri bultzada berria martxan jartzeko. Hori posible egiteko, ordea, aurrera urratsa egin behar dugu euskaltzale guztiok, euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko, euskara normalizatzeko, hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko, guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko, justizia eta demokrazia auzia delako hau, euskara herri kohesiorako zuntza izateko eta, finean, Euskal Herri euskalduna izateko», azaldu dute.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 21ean 17:30ean Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan izango direla iragarri dute, eta dei egin diete euskaltzale guztiei deialdira batu daitezen eta «elkarrekin urrats erraldoia eman dezagun».

Antolatzaileak https://t.me/EuskaraAurrera Telegram kanalaren bidez ari dira ekimenari buruzko informazioa partekatzen, eta egitasmoaren inguruko informazioa eta bitartekoak partekatuko dituzte, eta norbanakoen atxikimenduak biltzen ere jarraituko dute change.org plataforman.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios