Euskal Telebista, oraindik ere «euskararen normalizaziorako tresna eraginkorra» da

Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuaren burua/ETB
Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuaren burua / ETB

'Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan' izeneko tesia burutu du Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruak; ondoriozatu duenez, balio sinboliko handia izan du beti, eta prestigioa eman dio hizkuntzari

DVDonostia

Euskal Telebistak eginkizun oso garrantzitsuak bete ditu eta oraindino ere betetzen ditu euskararen normalizazioan alderdi guztietatik begiratuta. Hala jasota dago 'Euskal Telebistaren sorrera, garapena eta funtzioa euskararen normalizazioaren testuinguruan' izeneko tesian, Asier Larrinaga EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruak defendatu duena Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatean.

Euskal Telebista 1982. urtean sortu zen, eta urte hartako Gabon Zaharrean egin zuen lehen emanaldia. Harrezkero, euskal herritarren eta euskalgintzako eragileen artean iritzi zabaldua da ETB nahitaezkoa dela euskarak bizirik irauteko, eta Asier Larrinagaren ikerketa berriak iritzi horri eusten dioten datu ugari bildu ditu.

Epaimahaia Miren Azkarate EHUko katedradunak, Elixabete Pérez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta Javier Díaz Noci Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak osatu dute. Tesiaren zuzendariak Agurtzane Elordui eta Igone Zabala EHUko irakasleak izan dira.

Larrinagak lanean ondorioztatu duenez, ETBk balio sinboliko oso handia izan du lehenengo momentutik, eta euskara prestigiatu egin du. Funtsezkoa izan da, batetik, egungo munduan euskaldunak euskaraz informatu, hezi eta entretenitu daitezkeela frogatzeko, eta, bestetik, euskaldun-komunitatea egungo munduko beste edozein kultura bezain garatuta dagoela erakusteko.

Larrinagaren azterketan frogatu denez, «hedabide modura, Euskal Telebista nahitaezkoa izan da euskarak komunikazioaren arloa konkista zezan. Hasteko, Euskal Telebista eta, berarekin batera, Euskadi Irratia eta EiTB osoa berebiziko elementuak dira euskararen komunikazio-esparrua osatzeko. EiTB Taldeak, gainera, profesionalizaziora bultzatu du euskarazko komunikazioa, eta euskararen eremu osoko irismena eman dio irratiaren eta telebistaren arloetan«. Mende berrian, ETBk ingurune digitalera eraman du euskarazko telebista Nahieran plataformarekin, Hiru3 eta Gaztea Interneteko kanalekin, eta Hiru3, Gaztea eta Go!azen app-ekin.

Ahoskera batuaren garapenean giltzarri

Euskarari berari dagokionez, Euskal Telebistak –Euskadi Irratiarekin batera–hizkuntza modura garatzen lagundu dio. Izan ere, ETBk rol erabakigarria izan du ahoskera batuaren garapenean eta, geroago, Euskaltzaindiaren ahoskera-arauaren prestaketan hartu du parte. Euskara Batuaren lexikoa arautzeko orduan ere, erabakigarria da ETBren –EiTB osoaren– ekarpena, beraren testuak Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokian jasotzen baitira.

Ildo beretik, azpimarratzekoa da euskararen hainbat hizkera eta erregistroren garapenean ETB lehen lerroko eragilea dela. Euskara informatiboaren kasuan, zalantza barik, baina baita beste batzuetan ere, adibidez, euskara batu kolokialean, edo euskararen terminologia teknikoan, Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordearen lanetan parte hartuz.

Euskal Telebista, horrez gain, euskararen ikaskuntza sustatzeko bitarteko «garrantzitsua» dela uste du azterketaren egileak. Euskararen ezagutza zabaltzeari eta indartzeari dagokionez, lehenik eta behin, ETBk –Euskadi Irratiarekin batera– euskal gizarte osoan egin du ezagun euskara estandarra, hots, euskara batua. Bigarrenik, euskara ikasteko eta hobetzeko saioak ekoitzi ditu eta, hirugarrenik, euskaltegien esku utzi ditu bere saioak eta testuak ikasmateriala sor zezaten.

Temas

Euskera