«Epe luzera begirako estrategia behar dugu» euskal komunikabideen etorkizuna bermatzeko

Libe Mimeza Behategiko koordinatzailea eta UEUkidea/UEU
Libe Mimeza Behategiko koordinatzailea eta UEUkidea / UEU

Komunikazio eredu eta plataforma berrietara moldatzeko, «ez bihar zer egingo dugun erabakitzeko», baizik eta «epe luzera, bost-hamar urtera begira, non egon nahi dugun» hausnartzeko beharra nabarmendu du Libe Mimenza Castillo Behategiko koordinatzaileak

DVDonostia

UEUren 47. Udako ikastaroen barruan 'Euskarazko komunikabideen aukerak eta erronkak: proposamen bat lantzeko unea' izeneko ikastaroa ari dira egiten. UEUk Euskal Komunikabideen Behatokiarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa da eta Libe Mimenza Castillo Behategiko koordinatzaileak eta UEUko kideak eman du azalpenak emateko ardura. Uste du «epe luzera begirako estrategia bat behar dugula», komunikazio eredu eta plataforma berrietara moldatzeko, «baina ez bihar zer egingo dugun erabakitzeko. Estrategia bat behar dugu epe luzera, bost-hamar urtera begira, non egon nahi dugun».

Euskarazko komunikazioak zer leku izango duen jakiteko, ez dira soilik komunikabideak kontuan hartu behar, zehaztu duenez. Baita ere, kultura eta unibertsitateak, adibidez. Estrategia hori lantzeko, audientziak eta datuak ezagutu behar direla nabarmendu du, edukien eta kontsumo esperientzien pertsonalizazioa ahalbidetzeko. Hau da, «humanitate digitalak aprobetxatzea gure ekosistema honetan ahalik eta ondoen aurrera egiteko».

Horregatik, hausnarketa egitea jarri dute ikastaroaren helburu nagusi bezala, beste bi azpi helbururekin: euskarazko komunikabideak zertan dabiltzan ezagutze eta hausnarketa egitea, bai pil-pilean dauden ardatzak, eztabaidak eta erronkak zeintzuk diren eztabaidatzeko, eta baita elkarren artean errealista izan daitekeen estrategia txiki bat zirriborratzeko.

Euskarazko komunikabideentzat dagoen ekosistema beste hizkuntzetan dabiltzan komunikabideentzat dagoen ekosistema mediatiko berdina da oinarrian, Mimenzaren aburuz. «Operadore globalez inguratuta gaude; digitalizazioak, konbergentziak aldaketa pila bat ekarri ditu eta horrekin bizi gara. Negozio ereduan asmatu guran gabiltza; erdarazko komunikabideak bezala. Hala ere, egia da euskarazkoentzako bigarren ardatz edo erronka bat ere badagoela: euskara bera, hizkuntza. Hizkuntza gutxiagotu batean jarduteko erabakimen horrek badakarkigu erronka bikoitz bat eta, bestalde, baita aukera bat ere. Ez dugulako ahaztu behar gaur egun inoiz baino hiztun eta euskal hartzaile gehiago ditugula».

Hausnarketa hori bultzatzea xede, formatu ezberdinetan egituratu dute ikastaroa. Hitzaldia egingo dute, eta bi mahai inguru. Ikastaroa Euskal Hedabideen Behategiaren bestelako trebakuntza saio, hausnarketa espazio eta abarretan kokatzen da. Jarraipena izango du, «baldin eta euskarazko komunikabideen sektoreak hala behar badu eta hala eskatzen badu». Ziurrenik ikastaroan jasotzen den guztia dokumentu batean ere bilduko dute, behategia.eus atarian, udako oporrak eta gero.

Temas

Euskera